Nafarroa Bai

EA NaBaitik kanpo dagoela diote Aralarrek, EAJk eta independenteek

Aralarrek, EAJk eta independenteek gutun bat igorri diote Pello Urizarri, joan den asteko akordioa sinatu arte NaBaitik at delaAgirrebengoaren arabera, ez dute kanporatu EA; «eurak jarri dira Nafarroa Baitik kanpo»

Manu Aierdi, Paula Kasares, Patxi Zabaleta, Uxuer Barkos eta Jose Angel Agirrebengoa. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
EAren nazio batzarrak herenegun onartutako ebazpenak ez ditu NaBaiko beste koaliziokideak konbentzitu, eta Aralarrek, EAJk eta independenteek gutun bat igorri diote Pello Urizar EAko idazkari nagusiari. Idatzi horretan azpimarratu dute EAk ez duela hartu eurek aurreko astean egindako eskakizunen inguruko «berariazko erabaki zehatzik». Horrenbestez, Urizarri adierazi diote asmoa dutela «hauteskundeak prestatzeko eta programak eta zerrendak berehala osatzen hasteko». Ostiralean aurkezpen ofiziala EArik gabe egin zuen Nafarroa Baik, eta, oraingoz, koaliziotik kanpo egongo da EA.

EAk NaBain jarraitzeko aukerari ez diote atea erabat itxi, baina aurreko astean publiko egindako exijentziek bere horretan segitzen dute. Ostiralean aurkeztutako akordioa «denboran eta forman» izenpetzea erabakiz gero koalizio barruan egongo dela adierazi diote EAri. Agiri hori izenpetzeak esan nahi du 2011tik 2015era bitartean EAk ezker abertzalearekin hitzartutako akordioetan Nafarroari dagozkion konpromisoak «baliogabetzea» eta Nafarroan «Batasunarekin beste adierazpenik ez egitea, eszenifikazio bateraturik ez egitea eta konpromisorik ez hartzea».

Asteartean, EAko militanteek aitortu zuten Nafarroan hauteskunde konpromiso bakarra NaBai dela eta «Nafarroari dagokionez beste edozein hauteskunde konpromiso» baztertuko dutela. Hala ere, EAk erabakia du orain arteko apustu estrategikoari eustea eta indar abertzale eta aurrerakoi guztien metaketaren alde lan egitea, «baita Nafarroan ere».

Urizarri igorritako gutunean, NaBaiko hiru eragilek zehaztu nahi izan dute EAri exijitutako konpromisoak Nafarroarako direla eta ez dutela axolarik EAk beste alderdiekin hitzartutako akordioetan.

Ematen du guztiaren atzean EA koaliziotik at geratzearen kostu politikoa noren gain erortzen den dagoela. Jose Angel Agirrebengoa EAJren Napar Buru Batzarreko presidenteak goizean azaldu zuenez, EAren apustu estrategikoa NaBairekin bateraezina da: «Ez dugu EA kanporatu. Eurak jarri dira Nafarroa Baitik kanpo», azaldu zuen. Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusi jeltzalea urrutirago joan da Onda Vasca irratian egin dituen adierazpenetan: «Herri honi egin diezaioketen zerbitzurik onena da banatzea, eta bakoitzak bere gogoko taldearen aldeko aukera egin dezala».

Txentxo Jimenez Aralarreko Nafarroako koordinatzaileak gogora ekarri du Txelui Morenokesan zuela ezker abertzaleko kideak EArekin hitzartutako Lortu Arteakordioa Nafarroako aldaketarako giltzarri dela. Jimenezen arabera, EAk ez ditu gezurtatu adierazpenok, eta horregatik arrazoizkoak dira NaBaiko beste alderdien susmoak. Aralarrek ulertzen du EA NaBaitik at dagoela orain: «NaBairekin daukan konpromisoan harago ez joatea nahiago du, Batasunarekin beste konpromisoak hitzartuta dituelako. Oso zilegi dira, baina, EArentzat, NaBairekin dituenak baino balio handiagoa dute».

Rafa Larreina EAko zuzendaritzako kideak, berriz, Infozazpi irratian azpimarratu du indar abertzaleak biltzeko beharra ikusten duela EAk, eta hori NaBairen bidez egin litekeela, «betiere inor baztertzen ez bada». Ez du ulertzen Aralarrek EAJren atzetik jotzea. Nafarroako militanteen artean «sumina» dagoela dio: «NaBai lehen indarra izan daitekeen honetan, jendeak ez du ulertzen, batetik, baldintzarik badago koalizioarekin bat egin dezaketenei sarrera galaraztea eta, bestetik, NaBairen %50 alboratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.