Batasunak maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan parte hartzea galarazteko "ahalegin guztia" egingo dutela iragarri du Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusiak. Izan ere, ETAk Madrilgo Barajas aireportuan egin zuen atentatuak aukera hori iristeko bide guztiak moztu zituela iritzi dio: "Hautsikinetan, T-4ko hondakinetan, hondoratu ziren Batasunak hauteskundeetan izateko zituen itxaropen guztiak", azpimarratu du.
Ildo horretatik, ASBren ilegalizazioa eskatu dutela, eta "EHAK erabiltzea" eragotzi dutela adierazi du; areago, EAE-ANV aztertzen ari direla baieztatu du. "Abertzale Sozialista eta herri izen zehatzarekin aurkezten diren hautes elkarte guztien kontra egingo dugu, eta ANVrekin zer gertatzen den aztertzen ari gara". Nolanahi ere, alderdi hori lehen batean "alderdi legal" gisa aurkezten dela onartu du. Horregatik, zerrendetan nor aurkezten dituen ikusteko zain daudela agertu du, horren araberako neurriak hartzeko. "Aurkitzen badugu ANVren hautagaitzaren bat iruzurrezkoa [inpugnazio] prozedura bera erabiliko dugu, eta garaiz iristeko eta hauteskundeetara aurkeztea eragotzi ahal izango dugu".
Ezker abertzaleak 82.500 sinadura batu ditu hautes plataformak osatzeko
Conde-Pumpidok argi utzi du Abertzale Sozialista izenpean aurkezten diren hautes plataforma guztien aurka egingo dutela. Hala ere, ezker abertzaleak 82.500 sinadura batu ditu Hego Euskal Herrian, herriz herri, hautes plataformak eratzeko.
Espainiako albiste agentziek atzo zabaldu zuten EAE-ANVk hautagaitzak aurkeztu dituela zenbait herri eta barrutitan. Gaur amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea.
Politika
EAE-ANV aztertzen ari da Espainiako Fiskaltza
"Alderdi legala" dela nabarmendu du Candido Conde-Pumpido fiskal nagusiak, baina aurkezten ari diren zerrendak nork osatzen dituzten ikertu eta horren araberako erabakia iragarri du. Batasunak hauteskundeetan parte hartzeko izan zezakeen itxaropena "T-4ko hondakinetan" hondoratu zirela erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu