Politika

EAE-ANV legez kanporatu arren, ezin udalak desegin

Espainiako Estatuko Abokatuak txostenean dio ez dagoela nahikoa arrazoi ANVko udalak desegiteko. "Terrorismoaren aldeko babesak larria eta jarraikortasunezkoa izan behar du horretarako", eta Auzitegi Gorenaren epaian bi kasu baizik ez daudela nabarmendu du. 42 udaletan daude agintzen EAE-ANVtik aurkeztu eta hautetsi postua lortu zuten lagunak.

2008ko azaroaren 1a
16:13
Entzun
Espainiako Estatuko Abokatuak esan du, txostenean: Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV alderdi politikoa legez kanpo utzi zuen arren -irailean-, ANVko udalak ezin dira desegin. Hala dio El Pais egunkariak gaur argitaratu duen informazioan.

Hego Euskal Herrian 42 udaletan daude agintzen EAE-ANVtik aurkeztu eta hautetsi postua lortu zuten lagunak -haietako gehienek 'hautetsi independentistak' izena hartu zuten gero-.

Erregimen Lokaleko 61.2 Legeak Espainiako Ministroen Kontseiluari udalak desegiteko ahalmena ematen dio, "udal horiek modu larrian eta jarraikortasunez terrorismoa babesten, goresten edo justifikatzen badute akordioen edo jardueren bidez". Joaquin de Fuentes Bardaji Estatuko Abokatuak bere txostenean esan du ANV legez kanporatzeko epaiak udal mailan bi kasu baizik ez dituela aipatzen: presoen eta iheslarien alde Elorrioko (Bizkaia) eta Hernaniko (Gipuzkoa) udalek batzordeak sortu izana, eta Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak Igor Portu eta Mattin Sarasola presoen alde txaloa eskatu izana -2006ko abenduaren 30ean Barajas Madrilgo aireportuan ETAk egindako atentatuan parte hartu izana egozten diete bi horiei-.

De Fuentes Bardajik ondorioztatu du bi kasu soilik egoteak ez duela justifikatzen udalak desegitea, "terrorismoaren aldeko babesak larria eta jarraikortasunezkoa izan behar duelako horretarako".

Horretaz gain, El Pais-ek dioenez, Estatuko Abokatuaren ustez udalak desegitearen ondorioak ez lirateke "onuragarriak" izango.

Neurri hori hartuko balitz, ez lirateke berriro hauteskundeak deitu herri horietan. Kasuan-kasuan, Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernua egingo lirateke haien eguneroko kudeaketaren kargu, 2011n berriz ere udal bozak egin arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.