Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko 2.000 ikaslek baino gehiagok izan dute jada lehenengo harremana hezkuntzan bizikidetza bultzatzeko proiektuarekin. Halaxe jakinarazi zuen atzo Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Bilbon. Joan den urteko abenduaren 30ean, giza eskubideak urratzearen aurkako eta bizikidetza indartzearen aldeko konpromisoa hartu zuten hainbat eragilek, eta lau hilabete hauetan lanean aritu dira. Hitzarmena sinatu zuten, besteak beste, Ikastolen Elkarteak, Kristau Eskolak, EHIGE guraso elkarteak eta EAEko hiru unibertsitateetako ordezkariek. Baita UGT eta CCOO sindikatuek ere.
Dokumentuan adierazten denez, sinatutako akordioaren helburua da hezkuntzan elkartasun ekintzak bultzatzea eta giza eskubideak errespetatzea. Gisa horretako balioak indartzen ari dira eskoletan. Zehazki, hogei eragilek sinatu zuten Carltoneko konpromisoa — izen hori du akordioak, Bilboko Carlton hotelean sinatu zutelako—, eta atzo beste lauk egin zuten bat bizikidetzarako hezkuntzaren aldeko konpromisoarekin.
Unesco Etxea da horietako bat. 1991. urtean sortutako enpresak bakearen, giza eskubideen eta giza garapen iraunkorraren alde lan egiten du. Gernika Gogoratuz ere sinatzaile berrien artean dago. Baita Sarean ere, ikastetxe publikoetako haur zein lehen hezkuntzako zuzendarien elkartea. Eta Bihe, bigarren hezkuntzako zuzendarien elkartea.
Zelaa: «Bide onean goaz»
Hitzarmenera beste lau eragile batu direla ikusita, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza egoki ari da aurrera egiten, Zelaaren arabera. «Euskal hezkuntza gizarteak eskatzen duen neurrietara ongi egokituta dago eta, nire ustez, bide onean goaz». Aurrera begira elkarte gehiago biltzea espero du hezkuntza sailburuak. «Iraganean gertatu diren zoritxarrak berriro ez gertatzeko, beharrezkoa da gogoratu eta hausnarketa bat egitea. Zalantzarik gabe, Carltoneko konpromisoak etorkizun oparoa dauka».
EAEko 2.000 ikasletik gora ari dira lanean bizikidetzarako proiektuarekin
Beste lau eragilek egin dute bizikidetzaren konpromisoaren alde, eta, Zelaaren arabera, etorkizun ona dauka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu