EAEko PPk begi onez ikusi ditu azken orduetan Espainiako Alderdi Popularrean izandako aldaketak. Izan ere, Pablo Casado popularren idazkariak kargutik kendu zuen atzo Espainiako Kongresuan alderdiaren bozeramaile zen Cayetana Alvarez de Toledo. Orain arte alderdiko Politika Sozialen idazkariorde zen Cuca Gamarra izendatu du Casadok bozeramaile berri. Gamarraren postua, berriz, Ana Pastorrek beteko du, Rajoyren gobernuan Osasun Ministro eta Parlamentuko presidente izandakoak. Popularrek, gainera, bozeramaile berria izango dute: Jose Luis Martinez-Almeida, Madrilgo alkatea.
«Hirurek bide luzea egin dute alderdiaren barruan, eta ongi ezagutzen dituzte bai alderdia, bai haren lurralde erakundeak», nabarmendu du Amaia Fernandez PPko EAEko behin-behineko presidenteak. Radio Euskadin egin diote elkarrizketa Fernandezi, eta bertan Gamarraren, Pastorren eta Martinez-Almeidaren «jarrera moderatua» nabarmendu du. Kargudun berriek duten esperientzia nabarmendu du Fernandezek: «Jendearen kezkak ongi ezagutzen dituzte, eta ezegonkortasun garai hauetan ezinbestekoa izango da haien ekarpena». Martinezek ez du mintzatu nahi izan, ordea, Alvarez de Toledo kargutik kendu izanaz.
Casadoren apustua izan zen Alvarez de Toledo bozeramaile izendatzea. Alderdiaren alorrik kontserbadoreena ordezkatzen du orain arte bozeramaile izandakoak, eta alderdiaren barruan desadostasunak eragin dituzte bai haren izendatzeak, bai egin dituen hainbat adierazpenek. Atzo, erabakia jakin berritan, prentsaren aitzinera atera zen Alvarez de Toledo, eta kritika gogorrak egin zizkion Casadori: «Casadok uste du askatasunaz dudan ikuskera bateraezina dela bere agintaritzarekin».
Fernandezek ez du zalantzan jarri Pablo Casadok Carlos Iturgaizen aldeko apustua egin izana Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetarako. «Gure lehentasunak osasun egoera, ekonomia eta gizartea dira, eta gainerako guztiak bigarren mailako auziak dira», nabarmendu du Fernandezek. Hala, oroitarazi du bera dela alderdiko burua, eta Iturgaiz Eusko Legebiltzeko PP eta C's-en koalizioarena.
Alderdiaren barruan egin beharreko hauteskundeez galdetuta, berriz, Fernandezek nabarmendu du oraindik ez dutela kongresurik antolatu, eta argi utzi du orain ez dela «lehentasuna». «Garaia iristen denean, denon artean erabakiko dugu zein den aukerarik egokiena gaur egungo zailtasunei aurre egiteko eta Euskadiren berezitasunei alternatiba bat eskaintzeko, gehiengo soziala biltzeko gai den moderazio eta zentraltasun proiektu batean».