Hondarribiko alardea

EAEko Arartekoak esan du Hondarribiko alardeari ere harrera egingo diola

Udal agintari gorenak herritarrak alardearen inguruan «batzeko apustua» egin nahi duela uste du Manuel Lezertuak, eta «blokeo historikoa» amaitzeko bide bat izan daitekeela hori.

Lezertua, ezkerrean, Jaizkibel txalotzen, artxiboko irudi batean.
arantxa iraola
2023ko irailaren 7a
14:19
Entzun

Bihar alarde eguna da Hondarribian (Gipuzkoa), baztertzailea berriz izango da desfile nagusia, andreak onartzen ez dituena, eta Jaizkibel konpainiak berriz egingo du alarde parekide baten aldeko hautua. EAEko Arartekoak komunikatu bat atera du, bihar nola jokatuko duen esateko. Badira berritasunak. Izan ere, ohi duenez, Jaizkibel konpainiari txalo egitera joango da. Baina alarde baztertzaileari ere egingo dio oles. Lehen aldiz.

Ikusi gehiago: EAEko Arartekoak esan du Hondarribiko alardeari ere harrera egingo diola

Aurten, lehenengoz egongo da herriko alkatea Jaizkibeli txalo egiten, Igor Enparan Hondarribiko alkate izendatu berriak esana baitu harrera egingo diola konpainia parekideari. Guztiz berria da hori, alardeen auzia hasi zenetik Hondarribian jeltzaleena izan delako beti alkatetza, eta inoiz ez dutelako halako urratsik egin hautu parekideari atxikimendua erakusteko. Abotsanitz plataformarena da orain alkatetza. Eta alkatearen proposamena da udalbatza osoak eta beste hainbat agintarik bi desfileei egitea harrera: Jaizkibeli eta alarde baztertzaileari. Eske horri baietza eman dio, adibidez, Eider Mendoza diputatu nagusiak, eta gainerakoan adostasuna ez da erabatekoa. Hondarribiko EH Bilduk, esaterako, esan du ez diola alarde baztertzaileari harrerarik egingo; Hondarribiko EAJk Jaizkibeli ukatuko dio olesa. Baina Manuel Lezertua arartekoak bat egin du alkatearen deiarekin. Lehen aldiz, alardeari ere harrera egingo dio.

Ikusi gehiago:Nora Ferreira (Jaizkibeleko kapitaina): «Ezin da onartu oraindik ere jai baztertzaile bat egitea herrian»

«Arartekoa alardean izango da udal agintari gorenaren ekimena babesten duela adierazteko», esan du. «Hondarribiko herritarrak alardearen inguruan batzeko apustua» ikusten du proposamen horren muinean, eta egokia dela uste du. «Arartekoak horren aldeko apustua egin du, aribidean diren ahaleginak eta kudeaketak laguntzeko, hau da, emakumeek festaren ekitaldi nagusian parte hartzeko aldarrikapenaren inguruan Hondarribian gertatzen ari den blokeo historikoa amaitzeko, elkarrizketa aktibo baten bidez beste modu batzuk aztertuko dituen etapa berri bat irekitzen laguntzeko».

Keinu «ausarta»

Txalotu egin du alkatearen jarrera, eta «ausarta» dela esan du. «Urteetan sortutako pitzadurak gainditzeko ahalegin zintzo eta berritzailea da, Hondarribiko herri osoa bildu dadin, emakumeek alardearen ospakizunean bete-betean parte hartzeko duten aldarrikapen justu eta legitimo baten alde».

Jakina da Jaizkibel konpainiaren aldeko keinu ugari izango direla bihar alardean, eta inoiz baino esanguratsuagoak izango direla horiek, baina konpainiako kideek kezka azaldu dute hainbat erakundek bi desfileei egingo dietelako harrera. «Alarde baztertzaileari ere harrera egingo diote, eta, guretzat, hori atzerapauso handia da», salatu du konpainiako kapitain Nora Ferreirak.

Emakunde, Jaizkibelekin

Emakundek adierazi du Miren Elgarresta zuzendaria eta Josune Irabien idazkari nagusia bihar Hondarribian egongo direla, Jaizkibel konpainiari eta emakumeek jaietan berdintasunean parte hartzeko aldarriari «babesa» emateko. Emakundek beti egin dio harrera Jaizkibeli, eta ez dio txalo egin alarde baztertzaileari.

Ohar baten bidez, erakundeak nabarmendu du «positiboa» dela Hondarribiko udal gobernuak Jaizkibeli harrera egitea. Emakundeko zuzendariaren ustez, «agertoki berri bat irekitzen ari da», eta espero du «keinu berritzaile hori Hondarribiko jaietan emakumeek berdintasunez parte hartzea bermatzeko urratsak ematen jarraitzeko motor bihurtzea».

Garrantzia eman die Elgarrestak «urte gehiegi geldirik daraman gatazka desblokeatzeko» egindako keinuei, eta nabarmendu du festa parekideen aldeko eskariak «indar handiz» ugaritzen ari direla gizartean: «Tradizioek, gizarte kohesiorako elementu bat izanik, garai berrietara egokitu behar dute, kohesio hori sustatzen jarraitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.