EAEko Auzitegi Nagusiak astelehenean aztertuko du COVID ziurtagiriaren gaia

Eusko Jaurlaritzak nahi du COVID ziurtagiria eskatzea diskoteketan, dantzalekuetan, ikuskizunak dituzten dantzalekuetan, musika tabernetan eta karaokeetan, baita III. taldean sartutako taberna eta pub berezietan ere 22:00etatik aurrera. 50 pertsonak baino gehiagok jateko prestatuta dauden jatetxeetan ere bai. Establezimendu horien jabeen ardura izango da dokumentua eskatzea.

Langile bat osasun ziurgiria eskatzen, Hiriburun. GUILLAUME FAUVEAU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 18a
14:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Asteartean iragarri zuen, eta gaur eman du pausoa Eusko Jaurlaritzak: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari baimena eskatu dio COVID ziurtagiria eskatu ahal izateko. Astelehenean bilduko da auzitegiko administrazioarekiko auzien sala, eta litekeena da egunean bertan jakinaraztea erabakia. Eskaera Fiskaltzari helaraziko zaio, eta hark esan beharko du lehenik eskaera babesten duen edo ez. Edonola ere, erabakia Auzitegi Nagusiaren administrazioaren auziekiko salari dagokio. Astelehenean bilduko da 09:30ean.

Herritarrei aisialdirako eta dantzarako jarduerak eskaintzen dizkieten lekuetan eskatzea nahi dute, hala nola diskoteketan, dantzalekuetan, ikuskizunak eskaintzen dituzten dantzalekuetan, musika tabernetan eta karaokeetan. III. taldean sartutako pub eta taberna berezietan ere eskatzea nahi dute ziurtagiria, 22:00etatik aurrera. Jatetxeei ere eragingo die neurriak, onartzen bada: 50 pertsonak baino gehiagok jateko lekua dutenetan eskatu beharko dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 150 kasukoa baino handiagoa den artean eutsi nahi diote neurriari. Establezimenduen jabeen ardura izango da bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea.

Eusko Jaurlaritzak ohar bidez azaldu duenez, haien zerbitzu juridikoek esan dute horrelako neurri bat beharrezkoa dela «birusaren transmisio komunitarioko beste olatu bat eteten laguntzeko eta herritar guztien txertaketa are gehiago sustatzeko». Espainiako Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia ere kontuan hartu dute. Haien hitzetan, auzitegi horren doktrinaren arabera, datuak babesteko oinarrizko eskubideak ez du eraginik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.