Politika

EAEko datorren legegintzaldia "erabakitzeko legegintzaldia" izango dela dio Ibarretxek

Gaur argitaratu dute EAEko Buletin Ofizialean Eusko Legebiltzarraren zazpigarren legegintzaldia bertan behera uzteko dekretua, eta, horrenbestez, Gasteizko Parlamentua ofizialki deseginda geratu da. Halaber, Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskundeak apirilaren 17an egingo direla jasotzen du dekretuak. Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek esan du, hirukoaren proiektua ez dela legegintzaldi honetan amaitu, eta datorren legegintzaldia "erabakiak hartzeko legegintzaldia" izango dela. Batasunak, bestalde, kritikatu egin du Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren erabakia: beraiek bozetatik kanpo geratuko direla eta, "axolagabe" jokatzea egotzi dio.

2005eko otsailaren 22a
17:29
Entzun
Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak atzo sinatu zuen Eusko Legebiltzarra desegiteko zein apirilaren 17an hauteskundeak egiteko dekretua, eta EAEko Buletin Ofizialean gaur argitaratu denez, dagoeneko indarrean da. Beraz, bi hilabete eskas barru aukeratuko dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek Eusko Legebiltzar berria.

Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako Lehendakariak amaitu berri den legegintzaldiaren balorazioa egin du, eta hirukoa "muturreko" bi jarreren artean "beharrezkoa" dela esan du. Muturreko bi jarrera horiek honakoak dira Ibarretxeren iritzian: Batasuna alde batetik, eta bestetik PP eta PSE-EE. Horregatik, hirukoa "beharrezkoa" dela iritzita, proiektua ez dela legegintzaldi honetan amaituko azaldu du, eta "datozen garaietan herri honetako gidaritza izateko" proiektu bat dela azpimarratu du. Gainera, datorren legegintzaldian hirukoa indartuta aterako dela esan du, eta orain onartu ez diren lege asko onartu ahal izango direla gaineratu du.

Apirilaren 17an egingo diren hauteskundeak "negoziaketak exijitzeko" izan behar dutela uste du EAEko lehendakariak, Espainiako Gobernuari negoziaketak abiatzeko "exijitzeko". Hauteskundeak Madrili Jaurlaritzaren Estatutu Berrirako proposamena negoziatzeko aldarrikatzeko "giza uholdea" lortzeko aukera izango direla esan du. Hauteskundeek "demokratikoki erantzun irmoa emateko etanegoziazio prozesu bat zabaltzeko exijitzeko" balioko dutela azaldu du.

Alderdien Legeari buruz eta Batasunaren parte hartzeari buruz galdetuta Jaurlaritzak orain arte esandakoari ez diola ezer gaineratuko erantzun du Ibarretxek.

Batasunak gogor kritikatu du lehendakariak hauteskundeak apirilaren 17an egitea erabakitzea, haien ustez Ibarretxek jakin bazekielako bozak epe horretan antolatuta Batasunak ezin izango duela parte hartu. "Askoz gehiago espero genuen harengandik [Ibarretxerengandik]. Guk parte hartu ezin izango dugun hauteskunde batzuetara euskaldun batek deitzen duen aurreneko aldia da, eta kontziente zen Batasunak ezin izango zuela aurkeztu", adierazi du Joseba Permach Batasuneko buruak ETB2ko El Punto saioan egin dioten elkarrizketan.

Kritika hori Ibarretxe lehendakariari ez ezik, indarreko Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdiei egin die Permachek; hau da, EAJri, EAri eta EBri. "Alderdien Legearen kontra daudela diote, baina era berean, gehiengo absolutuaz mintzo dira Batasunak ezingo duela parte hartu aintzat hartuta", esan du.

Batasunak legegintzaldia agortzeko deia egin zion Ibarretxeri. Jaurlaritzak erabaki hori hartu izan balu bi hilabete gehiago leudeke hauteskundeak egiteko, eta Batasunako buruzagien arabera, Euskal Herrian bizitza politikoa nola mugitzen den kontuan hartuta, denbora epe hori oso garrantzitsua zen beraiek parte hartzeko aukera izate aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.