Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

EAEn eta Espainian "akordio instituzional handia" hitzartzea eskaini dio EAJk PSE-EEri

Eusko Legebiltzarrerako bozen ondoren alderdien arteko lehen batzarra, 40 minutukoa egin dute gaur EAJk eta PSE-EEk. Azken honek "buruzagitza berri batekin aro berria irekiko duen aldaketa politikoa bultzatzeko zalantzarik gabeko konpromisoa" adierazi du. Lehenago PSE-EEko buru Patxi Lopezek EAJren egunotako jarrera kritikatu, eta bilerak "ezertarako" balioko ez duen susmoa agertu du.

2009ko martxoaren 5a
18:50
Entzun
Igandean izan ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta gaur hasi dituzte han ordezkaritza ofiziala daukaten alderdiek euren arteko bilerak. Lehen batzarrak, EAJren eta PSE-EEren artekoak, 40 minutu iraun du. Bilbon, Sabin Etxean 10:40etik 11:20era bildu dira. EAJk 30 legebiltzarkide ditu, PSE-EEk 24.

Egonkortasunera ituna eskaini dio EBBko presidente Iñigo Urkullu PSE-EEri, baina honek eskaintzari "entzungor" egin diola azaldu du EAJko buruak. Honen hitzetan, PSE-EEk erantzun dio 38 legebiltzarkideren sostengua (PSE-EE eta PPrenak) izan dezakeela berak gobernua osatzen badu.

EAJk, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainian "akordio instituzional handia" hitzartzea eskaini dio PSEri, Eitb-ren arabera. EAJko presidenteak kritikatu du sozialisten kezka bakarra "Lehendakaritza" dela. "Euskadiri eta beste hainbat erakunderi, tartean [Espainiako] Estatuari, egonkortasuna emango dien akordioa hitzartzea eskaini diogu PSEri", adierazi du Urkulluk, bileran gertatutakoa azaltzeko egin duen agerraldian.

Bere hitzetan, EAJk "elkarrizketa eta negoziazio prozesua" hastea proposatu dio PSEri, "akordioa lortu ahal izateko". Azaldu duenez, PSE-EEk esan die eurek ere proposamen bera egingo dutela Lehendakaritzan daudenean, eta hori "zinikotzat" eta "tranpa politikotzat" jo du Urkulluk.

Horren ildotik, esan du bere alderdiak ez diola uko egingo inbestiduran aurkezteari. "Lehendakariaren hautaketa ez ezik, urteko gainerako 364 egunetan ere egonkortasuna egoteko akordioa eskaini du EAJk".

Juan Jose Ibarretxe lehendakarigaia eta Urkullu bera izan dira EAJko ordezkariak batzarrean, eta Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, Rodolfo Ares Antolakuntza idazkaria eta Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusia eta Iñaki Arriola Gipuzkoakoa sozialistenak.

Bilera bukatu eta ordu batzuetara PSE-EEk eginiko agerraldian, "buruzagitza berri batekin aro berria irekiko duen aldaketa politikoa bultzatzeko zalantzarik gabeko konpromisoa" adierazi du. Horrekin "ezberdinen arteko topaketa eta akordioa bultzatu" nahi dute sozialistek. Hauen esanetan, "lehendakari sozialista" da "zentzu horretan aurrea egiteko berme bakarra".

Horiek hala, "aldaketarako gobernua sortu ahal izateko indar politiko guztiekin hitz egiteko asmoa" agertu du PSE-EEk.

Jose Blanco: "Herritarren kolpea izan da"

Urkulluk atzo adierazi duenez, "elkarrizketa eta akordioei zabalik" joango da bere alderdia. Egungo egoera kontuan hartuta, "egonkortasun ekonomiko, politiko eta instituzionala" inoiz baino beharrezkoagoa dela nabarmendu du. Krisi ekonomikotik ateratzeko elkarlana beharrezkoa dela argudiatuta, "oinarri sendoak izango dituen eta euskal instituzioei egonkortasuna emango dioten akordio zabalak" bilatuko dituela esan du. Horretarako lidergoa EAJk izan behar duela azpimarratu du.

Patxi Lopez PSE-EEko kideak iragarria du lehendakari izateko aurkeztuko dela inbestiduran. PP hura babestekotan da. PP eta PSE-EE "alderdirik bozkatuena Jaurlaritzatik kanporatzeko" batzea "kolpe instituzionala" litzatekeela uste du EAJk.

Horren aurrean PSOEko idazkariorde Jose Blancok EAJ kritikatu du gaur, eta "herritarren kolpea" izan dela erantzun dio.

Lopez: "Bilerak ez du ezertarako balioko"

Patxi Lopezek ere kritikatu duEAJ, eta gaur bere alderdiak jeltzaleekin bilera hasi aurretik bilerak "ezertarako" balioko ez duen susmoa adierazi dio Espainiako Ser irrati kateari: "[Jeltzaleak] Hedabideetan agertzen ari diren jarrerekin, argi dago oso zaila izango dela bilera honetan aurrerapausoak ematea. Bilerara joango garela esan nien, hori egitea dagokigulako, baina ez diogu uko egingo geuk ere gainerako alderdiekin hitz egiteari EAJk babes nahikoa lortzen ez badu".

Iñigo Urkullu EBBko presidenteari "jarrera demokratiko eskasa" erakustea egotzi dio Lopezek, hark PSE-EEren eta PPren arteko balizko gobernua "kolpe instituzionala" litzatekeela esateagatik.

"EAJk ulertu behar duen lehen gauza alderdi politikoa baino ez dela da, batzuetan Gobernuan egongo dela eta beste batzuetan oposizioan, eta ez digula Bibliako madarikazio bat bota behar eta ez dela infernua irekiko haiek Gobernuan ez badaude".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.