EAEn Lanbide Heziketa duala amaitu eta berehala lortu dute lana %91k

Maite Asensio Lozano.
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lanbide Heziketak (LH) gero eta ikasle gehiago ditu, eta estudianteek gero eta emaitza hobeak lortzen dituzte laneratzeari begira. Ikasketa horiek enpleguarekin bateratzeko modua ematen duen adar dualarekin bereziki pozik agertu ziren atzo Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Jorge Arevalo LHko sailburuordea. Izan ere, 2018-2019 ikasturtean LH dualean aritutako ikasleen %91k lana lortu zuten ikasketok amaitu eta berehala. Enpresek ere balorazio ona egin dute: %95ek adierazi dute trebatzen ari diren ikasleekin lan egingo luketela berriro.

Oro har, goraldian da LH: aurten %1,85 igo da matrikulazioa, «lan egoerak hobera egin duen arren», Uriartek nabarmendu duenez. 43.140 pertsona ari dira LH ikasketak egiten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horietako 2.639 eredu dualean ari dira; iaz baino ia 350 gehiago dira.

Estudianteen %55ek zerbitzuekin loturiko zikloak hautatzen dituzte, eta %44k, berriz, ziklo industrialen alde egiten dute. Bigarren talde horretan gero eta emakume gehiago dagoela nabarmendu dute Jaurlaritzako arduradunek: 1.994 dira aurten, iaz baino %12 gehiago.

Hizkuntzari dagokionez, apurka ari dira indartzen euskarazko ereduak: ikasleen %41ek aukeratzen dute B edo D eredua; bost urtean egindako bilakaera azpimarratu dute, 2015-2016an %25 baitziren. A ereduak, berriz, %4,5 egin du behera iaztik hona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.