politika

EAEn urriaren 25a jai egun ofiziala izango da 2011tik aurrera, Estatutua "ospatzeko"

1979ko egun horretan onartu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Gernikako ituna. PSE, PP eta UPDk jai eguna izendatzearen alde bozkatu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Espainiak Estatutuko 40 bat eskumen igorri gabe ditu.

2010eko apirilaren 22a
18:47
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Autonomia Erkidegoan -hots, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan- hurrengo urtetik aurrera urriaren 25a jai egun ofiziala izango da, gaur Eusko Legebiltzarrean PSE-EEk, PPk eta UPDk erabaki dutenez. Arrazoia: 1979ko urriaren 25ean onartu zuten EAEn Gernikako Estatutua herritarrek, erreferendum bidez, eta itun horrek erkidegoari autogobernu ahalmen handia eta egonkortasuna eman diola uste dute alderdi haiek -ezker abertzalearen baliogabetzearen ondorioz dute haiek gehiengo osoa legebiltzarrean-; ondorioz, eguna "ospatu" beharra dagoela iritzi diote.

Jai eguna izendatzearen aldeko 38 boto izan dira (PSE, PP eta UPDkoak) eta kontrako 35 (EAJ, Aralar, EB; EAkoak parlamentariak ezin izan du bozketan egon, baina esan du kontra bozkatuko lukeela). PPren lege proposamenari esker egin dute bozketa.

Nahiz eta dagoeneko 30 urte pasatu diren, Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutuko 40 bat eskumen igorri gabe dauzka.

1979ko erreferendumean erroldaren %58,8k hartu zuen parte, eta boza eman zutenen artetik %90,3k estatutuaren alde egin zuten. Alde ez zeudenen artean AP eta HB ziren. Eusko Legebiltzarrak 2007ko irailaren 28an herri galdeketaren legea onartu zuenean -2008ko urriaren 25ean egitekoak ziren kontsulta-, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako orduko lehendakariak gogoratu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako orduko biztanleen %59,3k ez zutela 1979ko bozketan parte hartu, adinagatik edo jaio gabeak zirelako.

EAJ, EA, EB, Aralar, Alternatiba, Hamaikabat eta ezker abertzalea marko politiko-juridiko berria izatearen alde daude. PSEk berak aitortu izan du Gernikako Estatutua berritu egin beharko litzatekeela, baina Patxi Lopez (PSE) Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazia du ez duela legealdi honetan horretarako pausoak emango, PPrekin daukan ituna dela arrazoi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.