Alderdiko zuzendaritza berritzeko prozesu luzea amaitu zain, EAJ ez da hasi, era ofizialean behintzat, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako lehendakarigaia aukeratzeko lanetan. Berez bozak izateko urtebete falta den arren, aspalditik ditu ate-joka hauteskundeak. Horiei heltzeko lana lehentasun nagusitzat jarria du agendan, Eusko Jaurlaritza berreskuratzea premiazko eginbehartzat hartuta. Horretarako, berebiziko garrantzia du lehendakarigai egokia hautatzeak. Lau urteroko barne prozesuak tartean harrapatu du, ordea: iaz hasi, urtarrilean Nazio Batzarra egin, eta larunbatean amaituko da prozesua, lurraldeetako presidenteak aukeratuta.
Araban dago zalantza
Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko buru batzarretako presidenteak izendatu, eta EBB berria osatuta geratuko da larunbatean. Bost lurralde batzarretako lau presidente nortzuk izango diren argituta dago: Iparraldekoa Txaro Goikolea izango da; Bizkaikoa, Andoni Ortuzar; Gipuzkoakoa, Joseba Egibar; eta Nafarroakoa, Manu Aierdi. Araba Buru Batzarreko presidentea nor izango den da zalantza bakarra: buruzagitzan hamar urte egin dituen Iñaki Gerenabarrenaren eta Xabier Agirre ahaldun nagusi ohiaren artean dago lehia. Sabin Etxetik BERRIAri baieztatu diotenez, mahai gainean dauden datuen arabera, Agirrek postua kenduko dio Gerenabarrenari, Arabako65 apoderatuetatik 33ren babesa jaso baitu. Baina ohartarazi dute ez dagoela ziurtatuta erabat nagusi izatea: «Oso estuada aldea, eta azken uneko aldaketak egon daitezke; beste batzuetan ere gertatu izan da halakorik».
Zalantza bakarra larunbatean argitu ondoren, astelehenean bilduko da EBB Sabin Etxean, ohi denez. Zuzendaritza berriaren lehen bileran bertan, mahai gainean izango dute lehendakarigaia hautatzeko prozesua abiatzeko lana.
Sabin Etxetik BERRIAri adierazi diotenez, EBB gisa oraindik ez da ezer hitz egin lehendakarigai nor izan daitekeenari buruz: «Bakoitzak zein asmo duen, EBBko kideen artean zerbait hitz egingo zuten, edo ez. Baina EBB gisa ez da gaia aztertu».
Deia egunkariak hainbat hautagairen izenak zabaldu zituen atzoko alean, aurrez ere balizko lehendakarigai gisa jo izan direnak. Hala ere, apustu garbirik ez du egin egunerokoak: hautagaiak alderdi barruan eta kanpoan itzal handikoa izan behar duela, politikagintzan zein kudeaketan eskarmentua izan behar duela, eta, instituzioen funtzionamendua ondo ezagutu behar duela.
Urkullu, hautagai sendoa
Iñigo Urkullu EBBko presidentea bera ere hautagaien artean dago, eta apustuetan indarra hartu duena, gainera. Urkulluk berak ere aitortu izan du ez duela bere burua baztertzen, baina esan du hori hautaketa prozesua hasten denean ebatzi beharreko kontua dela. Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai hautatzeak, ordea, EAJn beste barne prozesu bat abiatzea eskatuko luke: estatutuen arabera, EAJko lehendakaria ezin delako Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan. «Nahasia litzateke, prozesua Uri Buru Batzarretatik hasi beharko litzatekeelako», diote Sabin Etxetik. Hala ere, EBBko beste presidente bat aurkezteko orduan adostasuna balego, «errazagoa» izango litzatekeela zehazten dute; aukera indartsua dela.
Beste izen batzuk ere aipatu dira: Josu Erkoreka, Izaskun Bilbao, Jose Luis Bilbao, Andoni Ortuzar eta Jokin Bildarratz, besteak beste.
EAJ astelehenean hasiko da lehendakarigaia hautatzeko prozesuan, buru-belarri
Larunbatean osatuko da EBB berria, lurraldeetako presidenteak izendatuta, eta jarraian ekingo dio bozei begirako lanari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu