EAJ aztertzen ari da larunbateko manifestazioan parte hartu ala ez

"Oso larritzat" jo du Kataluniako presidenteordea eta zazpi kontseilariak espetxeratzeko agindua. Hala ere. EAJk esan du deialdia egin dutenetako "batzuek" ez dutela nahi haiek joatea. Igande eguerdian elkarretaratzea egingo dute Iruñeko Udaletxeko plazan. Han izango dira EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta ELA eta LAB sindikatuak, besteak beste.

Iruñean igandean egingo duten elkarretaratzea aurkezteko agerraldia. IñIGO URIZ (AGAZKI PRESS)
Berria
2017ko azaroaren 2a
19:51
Entzun

Andoni Ortuzar EAJren presidenteak esan du protesta antolatu duten batzuk —“eta ez naiz EH Bilduri buruz ari”— egiten ari direla “ahal duten guztia” EAJ mobilizazioan egon ez dadin.

ELAk, LABek eta beste sindikatu batzuek, EH Bilduk eta Gure Esku Dago-k larunbaterako deitu duten manifestazioan ez da izango, beraz, EAJ, “baldin eta datozen egunetan ez bada zerbait gertatzen bestelako erantzun bat eskatzen duena”. Hala adierazi du Ortuzarrek Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean. Lamela epaileak Kataluniako presidenteordea eta zazpi kontseilariak espetxeratzeko agindu aurretik egin ditu adierazpenok Ortuzarrek.

Baina Generalitateko kideen espetxeratzea jakin ondoren, urgentziazko deialdia egin du EAJk. Gertatutakoa "oso larritzat" jo du Koldo Mediavilla Arlo Instituzionalerako burkideak, eta adierazi du larunbaterako manifestaziora begira "zer egin" aztertzen ari direla.

Bilboko martxa 17:00etan abiatuko da, Casilla plazatik. Protesta egingo dute Espainiako Gobernuak, PSOEren eta Ciudadanosen babesarekin, konstituzioaren 155. artikulua ezarri eta Kataluniako autogobernua bere gain hartzeagatik, eta “demokrazia eta erabakitzeko eskubidea” galdegingo dute.

Gauza bera egingo dute igandean Iruñeko Udaletxeko plazan, 12:30ean. Bilboko mobilizazioarekin bat egin dute eragile berberek gehi Geroa Baik eta Iruñeko Udaleko Aranzadik (Ahal Dugu-rekin lotura duena).

“Gure jarrera oso argia da. Argi eta garbi esan dugu 155. artikuluaren kontra gaudela. Adierazi behar zen tokian adierazi genuen, hau da, [Espainiako] Senatuan, eta erakunde guztietan egin dugu. Berriro egingo dugu Eusko Legebiltzarrean, udaletan, Batzar Nagusietan eta abarretan planteatzen denean”, azaldu du Ortuzarrek.

Azkenengo hilabete eta erdian beste bi manifestazio egin dira Kataluniako prozesu subiranista babesteko, eta bietan izan da EAJ. “Uste dut argi baino argiago geratu dela gure elkartasuna eta errespetua adierazi diogula Kataluniako erakundeak egiten ari direnari. Beraiek manifestaldi honetara deitu nahi izan dutela? Ederto. Hurrengo egunotan erantzun bat ematea beharrezkoa dela erakusten digun zerbait gertatu ezean, ez gara joango”, azpimarratu du.

Generalitateko kideen espetxeratzea dela-eta, Mediavillak Euskadi Buru Batzarraren izenean "gaitzetsi" egin du erabakia, Espainiako fiskal nagusiaren kargugabetzea galdegin du, eta "politikaren judizializazioa" amaitzeko exijitu du.

Katalunia: “Kanpoko faktorea”

Ortuzarrek, bestalde, Espainiako Gobernuaren 2018rako aurrekontueekin lotu du Kataluniako auzia. Berretsi du “oraingo testuinguruan” ez direla “baldintza egokienak” ematen negoziaziorako. “Guretzat, Euskadiren autogobernua defendatzea oinarrizkoa da. Era berean, pentsatzen dugu Kataluniako auziari irtenbidea eman behar zaiola baina ez bakarrik kataluniar herriak merezi duelako,baizik eta ona ere badelako Europa barruan egonkortasuna egon dadin”.

EAEko aurrekontuei buruz, berriz, Ortuzarrek salatu du PPk eta EH Bilduk orain arte agertu duten jarrera. Leporatu die eztabaida "kusatzea" kanpoko faktoreekin, “Euskaditik 400 edo 600 kilometrora gertatzen den gauza batekin”.

“Bilduk Katalunian gertatzen ari denari horrenbesteko garrantzia ematen badio eta PPk negoziatu nahi ez badu Kataluniarekiko dugun jarreragatik, ba, Bilduri horrek egoera erraztu beharko lioke. Eta, alderantziz, PP Katalunian gertatzen ari denagatik horren presionatuta sentitzen bada eta horren haserre badago, Euskadin beste bide batetik goaz eta horrek gurekin negoziatzera eraman beharko luke”, azaldu du EAJko buruzagiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.