EAJko EBB Euzkadi Buru Batzarrak militante guztiei egin die manifestazioan parte har dezaten. Bertan, jeltzaleen zuzendaritzako hainbat kide izango dira "elkarrizketaren eta indarkeria ezaren alde". Eusko Alkartasunetik Rafa Larreina legebiltzarkideak eta Unai Ziarreta idazkari nagusiak parte hartuko dute, besteak beste. IUk batzar federala egingo du bihar Madrilen, eta hori dela eta Javier Madrazo, Antton Karrera eta Oscar Matute ez dira bihar Bilbon izango. Hala ere, Mikel Arana presidentziaren bozeramailea, Bilboko zinegotzi Julia Madrazo, Martin Calvo Bizkaiko batzarkidea eta Omer Oke Eusko Jaurlaritzako inmigrazio gaietarako zuzendaria bertan izango dira.
Bestalde, Zutikek manifestazioaren "helburuekin eta ideiekin bat" egiten duelako babesten duela ekimena azpimarratu du prentsa-ohar baten bidez. "Elkarrizketa eta akordioak bilatzea dira aspalditik jasaten dugun gatazka gainditzeko bitarteko egokienak, eta hori da euskal gizartearen gehiengoak babesten duen ideia", dio oharrak. Euskal gizarteko beste zenbait sektorek horrelako ekimenei "bizkarra ematen" diotela nabarmentzen du oharrak.
Manifestazioaren helburuak
Mobilizazio hau gizarteak hitza hartzeko ariketa bat dela esan zuen Elkarrik aurkezpenean, egungo egoeraren aurrean lau puntutako Gizarte Proposamen bat ezagutzera emateko. Lau puntuak manifestazioaren leloan jasota datozenak dira: giza eskubideak errespetatu, herri borondatea errespetatu, elkarrizketa alderdianitza eta akordio zabala. Lau puntu horiek euskal gizartearen gehiengoaren borondatea islatzen duela dio Elkarri gizarte erakundeak. "Puntu hauek konponbide prozesu baten printzipioak dira eta oinarrizko konpromisoa erakusten dute", esan zuen Gorka Espiau Elkarriko kideak aurkezpenean.
Elkarriren manifestazioa