EAJ eta PSE foru gobernuetarako itunak ixten hasi dira inbestidura saioen atarian

Arabako Foru Aldundiak «eraldaketa ekonomikoa eta zaintza sistema bultzatzea» izango ditu lerro nagusi. Gipuzkoako gobernu ituna ere oso aurreratua dute jeltzaleek eta sozialistek

Ramiro Gonzalez, Cristina Gonzalez eta Jose Antonio Suso, atzoko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
EAJk eta PSE-EEk udal eta foru hauteskundeen ostean aliantza berritu ondotik, foru gobernuetarako akordioak iristen hasi dira. Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak izendatzeko saioak egingo dituzte bihar, Batzar Nagusietan, eta Ramiro Gonzalez jeltzaleak Arabako bere gobernua zer lerro nagusiekin ariko den plazaratu du jadanik, Arabako PSE-EEko idazkari nagusi Cristina Gonzalezekin batera. Gipuzkoan ere ia prest dagojeltzaleen eta sozialisten arteko gobernu akordioa, Eider Mendoza EAJko ahaldungai nagusiak aginte makila hartu bezperan, PPren ezinbesteko babesarekin. EH Bilduko hautagai Maddalen Iriartek irabazi zituen foru bozak, alde nabarmenez, baina Espainiako eskuinak izango du azken hitza, eta hitz hori, boto hori, EAJren hautagaiaren aldekoa izango da.

Horiek horrela, «eraldaketa ekonomikoa, zaintza sistema bultzatzea, klima aldaketaren aurkako borroka eta gobernantza kolaboratiboa» izango dira Arabako foru gobernuaren lerro nagusiak datozen lau urteetan, Ramiro Gonzalez ahaldungai nagusi jeltzaleak, ABBko presidente Jose Antonio Susok eta PSE-EEko Arabako idazkari nagusi Cristina Gonzalezek atzo azaldu zutenez. PSEko kideak esan zuen gobernu hori ez dela «inoren aurkako akordioa» izango: «Arabako gizartearen aldekoa da, herritarren aldeko itunak egiteko gai izan garen bi alderdi politikok sinatua».

Alderdi bien programa akordioak «elkarrizketa politikoa» izango du oinarrian, eta Arabaren «industriaren sendotasunetik abiatuta eraldaketa ekonomikorako motorra» izatea nahi dute. Autogintzan eraginez, «ekoizpen ehunaren dibertsifikazioa» sustatuko dute, «enplegu gehiago sortzeko», Arabako aginte makila hartzera doan hautagaiak esplikatu zuenez.

«Bazterketari aurre egiteko, zaintza bultzatu» nahi dute gobernukideek, era berean. Zaintza politikan, Araba «erreferente» bihurtu nahi dutela ere erantsi zuten. «Geure burua berrasmatu eta eraldatu behar dugu, Araba erreferentziazko lurralde izan dadin aurreratzean ere gizarte politiketan», esan zuen EAJko ahaldungaiak.

Eta klima aldaketa, halaber, biko akordioaren lerro nagusietako bat izango da. «Energia berriztagarria ekoiztea sustatuko dugu, ahal den kontsentsu politiko eta sozial handienarekin», adierazi zuen Gonzalezek. «Foru garraioa eta azpiegiturak hobetzeko» xedeak ere izan zituen hizpide.

Elkarlanerako prest

Gonzalezek azpimarratu zuen Araba «elkarrizketan» ardaztua egotea nahi duela, «elkarrizketa politikoaren bidez eta entzuketa sozialarekin». Finean, «gobernantza kolaboratiboa» ezartzeko saio bat iragarri zuen.

PSE-EEko Arabako idazkari nagusi Gonzalezek, berriz, hiru ardatz aipatu zituen ituna azaltzean: «Egonkortasuna lortzea, erronka ekonomiko eta sozialei aurre egiteko; zerbitzu sozialetan erantzunak ematea arabarrei, baita mugikortasunean eta enpleguan ere; eta gizarte pluralaren bizikidetza egonkortzea, berdintasuna eta kohesioa sustatuz». Gonzalezen ustez, sozialistek «beti hitz egin, negoziatu eta adostu» izan dute, «askatasunaren, justizia sozialaren eta berdintasunaren printzipioak defendatzeko».

Bihar izendatuko dute Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusi, eta, horrenbestez, hiru legegintzalditan jarraian ariko da kargu horretan. EAJk eta PSEk 24 batzarkideren botoak izango dituzte horretarako, eta espero da PPren babesa ere izango dutela. Gobernatzeko, ordea, unean uneko akordioak egin beharko dituzte beste taldeekin, gobernuak ez baitu izango gehiengo absoluturik ganberan —51 batzarkide daude guztira—.

«Bi alderdiok badakigu oposizioarekin hitz egin eta ados jarri beharko dugula», esan zuen Arabako PSEko buruak, «herritarrek behar dituzten proiektu handiak aurrera ateratzeko». Ziurtatu zuen gobernuak «borondatea eta prestasun erabatekoa» izango dituela hori lortzeko.

Gipuzkoakoaren zain

Gipuzkoako inbestidura saioa ere bihar goizean egingo dute Batzar Nagusietan. EAJ eta PSE gobernu akordio bat negoziatzen aritu dira azken egunetan, aldundiko alorrak nork kudeatuko dituen erabakitzen, eta itun hori oso aurreratua dago.

Iriarte EH Bilduko ahaldungai nagusi irabazi zituen foru hauteskundeak, 22 eserleku lortu ondoren, baina EAJren hautagaiak, Mendozak, hartuko du aginte makila, EAJk hamazazpi eskuratu zituen arren. PPk izango du giltza Iriarte eta Mendozaren artean berdinketa egonez gero, eta baliteke hori gertatzea Elkarrekin Podemosek Iriarteren alde egiten badu, EAJ-PSEren legebiltzarkide kopuru bera lortuko bailuke horrela. Udalak osatzeko izan diren itunak aintzat hartuta, ordea, Mendozaren alde egingo du PPren ordezkari bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.