politika

EAJ ezker abertzalearekin bilduko da, ez EArekin eta biekin batera

Ezker abertzalea eta EA hilaren 19an Aralarrekin batu ziren, 21ean Alternatibarekin.

2010eko uztailaren 27a
19:06
Entzun
Eragile politikoen artean Aralarrekin eta Alternatibarekin azkeneko egunetan bilerak egin ostean, EAk eta ezker abertzaleak biek elkarrekin EAJrekin ere bildu nahi zuten egunotan -ezker abertzaleak eskatu du bilera-, baina EAJk adierazi du ezker abertzalearekin bilduko dela, ez EArekin eta biekin batera. EAk beste bilkura bat eskatzen badio, harekin ere batuko dela dio EAJk.

Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak egunotan esan du azkeneko hilabeteetan ezker abertzalearekin bildu izan dela bere alderdia, "diskrezioz", eta harremanak izaten segituko dutela. Baina azpimarratu du ezker abertzalearekin eta EArekin "estrategia bateraturik" ez dutela izango jeltzaleek, "haiek ere ez baitute nahi". "EAJk bere proiektua du, eta jakitun gara mundu horren aurkari politiko nagusia EAJ dela".

Ezker abertzaleak eta EAk ekainaren 20an aurkeztu zuten euren "akordio estrategikoa", Bilbon, euskal estatu independentea lortzeko helburuarekin. "Bide zibil, politiko eta demokratikoak erabiltzeko behin betiko konpromiso irmoa" dutela azpimarratu zute. Ituna Euskal Herri osoari begira egindakoa da, herrialde guztien berezitasunak kontuan hartuta.

Aralarrekin uztailaren 19an egin zuten batzarra, eta "elkarrizketa iraunkorrerako" gunea ireki dute. Alternatibarekin bi egun beranduago batu ziren, eta elkarlanean aritzeko bidea zabaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.