Itxita daude mugak Euskal Herrian, egoiliarrentzat eta merkantzien garraioan dabiltzanentzat izan ezik. EAJren arabera, ordea, Erresuma Batutik heldutako ferry batek ez du bete debekua, eta horren arrazoia galdetu dio gaur Madrilgo gobernuari, Espainiako Senatuan. Zehazki, Almudela Otaola EAJko senatariak galdetu du ea zein Poliziaren zaintzapean eta zergatik lurreratu ziren itsasontzian zihoazen ia mila pertsonak.
Astelehenean iritsi zen Cap Finisterre ferrya Bilboko portura, eta, jeltzaleen arabera, egunean bertan lehorreratu ziren han zihoazen 850 bidaiariak eta 107 tripulatzaileak. Portsmoutheko itsasontziko bidaiarietatik 148 soilik ziren egoiliarrak Espainian edo Hego Euskal Herrian. Egun hartan bertan itxi ziren mugak, koronabirusaren krisia dela eta.
Ferrya kudeatzen duen Brittany Ferries enpresak esan duenez, ordea, 148 pertsona soilik lehorreratu ziren astelehenean, etxera itzultzeko. Ez zegoen bidaiari gehiago itsasontzian, enpresaren arabera. «Bidaiari guztiek bazekiten ezinbesteko arrazoiengatik soilik bidaiatu zezaketela Espainiara. Jakinaren gainean zeuden, behin baino gehiagotan abisatu zitzaien. Ondorioz, ehunka pertsonak bertan behera utzi zuten euren erreserba».
Polizia enpresarekin
Espainiako Polizia izan zen lurreratzea gainbegiratzeko arduraduna, eta, gogoratu dutenez, astelehenean lur bidezko mugak soilik zeuden itxita Euskal Herrian. Itsasoko eta airekoak zabalik zeuden. Beraz, ferryak posible zuen lurreratzea, eta normalean egin ohi den bezala egin ziren kontrolak. Gainera, ferryan 148 bidaiari zihoazela baieztatu du; batzuk euskal herritarrak, beste batzuk espainiarrak, eta asko Espainian bizi diren britainiarrak, nagusiki Mediterraneoko kostan. Beraz, Espainiako Poliziaren arabera, «etxera itzultzen ari ziren, familiakoengana».
Azalpenen ondoren, galderak erretiratzea erabaki du EAJk.