Sozialista Abertzaleak taldeak Eusko Legebiltzarrean proposatzen dituen ekimen guztietan egite duten bezalaxe, PPko parlamentarioek aretoa utzi egin dute eta PSE-EEko legebiltzarkideak bertan geratu dira, baina ez dute ez botazioan ezta eztabaidan parte hartu.
EAJ eta EB-IU-k SAk egindako proposamenaren aurka bozkatu dute, "eztabaida faltsua" dela esanez eta Eusko Legebiltzarrak halako ekimenak tramitatzeko "eskumenik ez" duela argudiatuz. Sozialista Abertzaleak taldeko Jone Goirizelaiak EAJk eta EB-IUk emandako argudioak kritikatu ditu, eta ganbera horrek Kirolaren Legea tramitatu zuela gogorarazi du, "eskumenik ez izan arren". Goirizelaia "legalitate ezberdin" bat edukitzearen alde agertu da, "alderdi guztiek marko juridiko berri batean aukera berak izan ditzaten".
"Horretan ari gara"
Jose Antonio Rubalkaba EAJko legebiltzarkideak "horretan ari gara" erantzun dio Goirizelaiari, "marko berri baten alde ari gara Ibarretxerren erreforma proposamenarekin. Proposamen ona da, herri honek eskubidea baitu bere eskumenak zeintzuk diren errebisatzeko, eta Estatuarekin lotuta jarraitu nahi duen ala ez". Rubalkabak adierazi duenez, SAk proposaturiko eztabaida "faltsua" da, "alderdi politikoen erregulazioaren eskumena Estatuari baitagokio, eta hori onartzeak ez baitu konponduko Batasunaren ilegalizazioa".
Oskar Matute EB-IUko kideak proposamen horren "bideragarritasuna" ukatu du, "egun daudeneskumenak daudenak baitira", esan du. Eusko Alkartasuna izan da SAren proposamenari baiezkoa eman dion bakarra, "pluraltasunaren eta demokraziaren aldeko tresna izan baitaiteke". Rafa Larreinak adierazi duenez, "ate bat ixten denean, beste bat ireki beharra dago, parte hartze politikoa bermatze aldera".
Rodolfo Ares PSE-EEko parlamentarioak SA taldearen proposamena ez litzekela "eztabaidatu ere egin behar" adierazi du, "talde hori Auzitegi Gorenak deuseztatua" baita. Gaurtik aurrera jarrera bera mantenduko dutela iragarri du Aresek.
Eusko Legebiltzarra
EAJ-k eta EB-IU-k SAk proposaturiko Alderdi Politikoen Euskal Legea sortzeko tramiteak hastearen aurka bozkatu dute
Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioak Alderdi Politikoen Euskal Legea sortzea tramitatzeko ekimena atzera bota dute gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. EAJ eta EB-IU eztabaida horri ekiteko tramiteak hastearen aurka eman dute botoa, eta Eusko Alkartasunek eta Sozialista Abertzaleakek aldeko botoa eman dute. PPko legebiltzarkideek aretoa utzi dute eta PSE-EEkoak bertan egon dira, baina ez dute parte hartu ez eztabaidan ezta botazioan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu