EAJk Alderdi Eguna ospatuko du igande honetan, 'Batzen gaituzten hariak' goiburupean

Taula biribil bat egongo da, zelaiaren erdian kokatua, «alderdi gisa erdian gaudelako eta gure herriaren eraikuntzaren muina izan garelako», esan du Maitane Ipiñazar EBBko idazkariak.

Maitane Ipiñazar gaurko agerraldian, Forondan. EAJ
Maitane Ipiñazar gaurko agerraldian, Forondan. EAJ
xabier martin
2025eko irailaren 25a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJren Euzkadi Buru Batzarreko idazkari Maitane Ipiñazarrek Alderdi Egunaren 49. edizioaren aurkezpena egin du gaur. Irailaren 28an izango da, igandean, Forondako zelaietan, Batzen gaituzten hariak goiburupean. Ipiñazarrek Forondan bertan eman du ekitaldiaren berri, eta, argitu duenez, «aurtengo Alderdi Eguna biribila izango da». 

EAJk ekitaldi politikorako taula berria izango du: «Formatua eta kokapena aldatu ditugu. Taula biribil bat egongo da, zelaiaren erdian kokatua. Alderdi gisa erdian gaudelako eta gure herriaren eraikuntzaren muina izan garelako. Gainera, jendearengandik hurbil egon nahi dugu, euren ondoan egon, gure lanaren erdian egon daitezen aurrerantzean ere». EBBren idazkariak, era berean, adierazi du formatu berritzailearen alde egin dutela, «EAJ alderdi dinamikoa delako, gizartearekin batera eboluzionatzen duelako eta formatu berrietara eta bizi dugun garaiak dakarren guztira moldatzen delako».

«EAJ alderdi dinamikoa da, gizartearekin batera eboluzionatzen du, eta bizi dugun garaiak dakarren guztira moldatzen da»

MAITANE IPIÑAZAR EAJren EBBko idazkaria

Goiburuari dagokionez, Ipiñazarrek azaldu du hariek balio handia gordetzen dutela, «ikurrina, 1894an sortua eta euskal herritar guztiak ordezkatzen eta batzen gaituena, hiru koloretako hariak hartuta sortu baitzen». Ipiñazarren hitzetan, hari horiek sinbolizatzen dute «garai hartatik bertatik denon artean landu dugun guztia, gaur daukagun Euskadi eraikitzera arte».

Ongizatea eta euskara

Euskadi horren barruan ikusten ditu EAJk «ongizatearen sarea eta euskara, elkarrekin lotzen gaituena». Ipiñazarren arabera, «hari sendo eta gogorrak» dira: «Gaur egungo garaira ekarri gaituzte; gutako bakoitza ere badira, alderdi hau alderdikide bakoitza delako, alderdikide eta alderdizale guztiak».

Ipiñazarrek erantsi du iganderako «eguraldi ona» iragarri dutela eta EAJk Forondan jarduera ugari eta askotarikoak egingo dituela egun osoan, ekitaldi politikoaz gain: ludoteka, jumping-a, futbolina, egur jolasak, tailerrak, paintballa, puzgarriak... «Ez da ezer faltako: emozioa, ilusioa, lagunekin elkartzea, momentu onak, janaria eta edaria», esan du.

400.000 metro koadroko zabalera hartuko du Alderdi Egunerako esparruak, eta 20.000 bazkari emango dituzte boluntarioen lanari esker. Alderdi Egunari buruzko informazio guztia eskuragarri dago EAJren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.