Oraingoz, isiltasuna nagusitu da. Aralarrek ezker abertzalea Nafarroa Bain sartzeko aukera baztertu ostean, Jose Angel Agirrebengoa EAJren Napar Buru Batzarreko presidentea baino ez da mintzatu. Noticias taldeko komunikabideetan egindako adierazpenetan, Agirrebengoak aurrerapausotzat jo du Aralarrek hartutako erabakia, «2007ko baldintza beretan» errepika dadin. Argi utzi du koalizio barruan ezker abertzalearen presentzia bateraezina dela EAJren ikuspuntuarekin, eta, horregatik, Aralarrena «urrats pozgarria» dela deritzo.
NaBairen zale eta koalizioko independenteen webguneetan oraingoz ez da Aralarren erabakiaren inguruko iruzkinik idatzi. EAko iturriek, berriz, jakinarazi dute oraingoz ez dutela balantzerik egingo. Herenegun goizeko Aralarren prentsaurrekoaren ostean, Radio Euskadi irratiari eskainitako adierazpenetan, Koldo Amezketa EAko presidente ohi eta Nafarroako zuzendaritzako kideak aitortu zuen alderdi barruan ezinegona eragin duela erabakiaren berri komunikabideen bidez izateak.
Aralarrek erabaki hori hartu ondotik, argi geratu da Eusko Alkartasunaren gain erori dela presioa. Izan ere, ezker abertzaleak azaroaren 14an aurkeztutako Nafarroa 21 proposamenean, hauteskundeetan elkarlanean jarduteko deia Aralarri, EAri eta ezkerreko eragile abertzaleei helarazi zien.
EAJ espresuki ez zuen aipatu, nahiz eta koalizioa hausteko borondaterik ez zutela azpimarratu. Ezker abertzaleak behin eta berriz berretsi du hauteskunde subjektua ez dela arazo eta lehentasuna Nafarroarako aldaketa politikoaren edukiak zehaztea dela, batez ere ezkerreko proposamen argiekin. EAJk Espainiako eta EAEko aurrekontuak eta lan erreforma babestu ondotik, NaBai kontraesanean erori dela uste dute, eta horregatik egiten zien dei berezia Aralarri eta EAri.
Jeltzaleek, berriz, hasieratik argi utzi dute ezker abertzalea koalizioan sartzearen aurka daudela. Ezker abertzaleak Nafarroa 21 proposamena egin baino bi hilabete lehenago, irailean, Agirrebengoak berak irmo itxi nahi izan zizkion ateak ezker abertzaleari. «Ez zaio itxaroten, eta ez zaio itxarongo». Iñigo Urkulluk, azaro erdialdera, nabarmendu zuen ezker abertzaleak ez zuela tokirik koalizio barruan.
Independenteen jarrera
EAJren modura, independente gisa aurkezten den taldea ezker abertzalea koalizioko partaide izatearen aurka azaldu da, eta NaBairen proiektua «dinamitatzea» egotzi izan diote. Aurrerago diskurtsoa leundu dute, koalizioarekin bat egiteko prest azalduz baldin eta printzipio eta helburuak onartuz gero.
Hala, behin Aralarrek erabakia hartuta, EAri dagokio posizioa argitzea. EAk orain arte Nafarroa Bairen aldeko konpromisoa berretsi du, eta iazko apirilaz geroztik, hurrengo legealdiko koalizioaren inguruko akordioa hitzartua du Aralarrekin. Era berean, irailean Nafarroako aldaketaren aldeko dekalogoa hitzartu zuen ezker abertzalearekin, eta azken asteetan bilerak egin ditu ezker abertzalearekin, hauteskundeetan elkarlanean aritzeko deiari erantzunez. Denbora amaitzen ari da, ordea. Aralarrek herenegun proposatu zuen urtarril amaierako bozetarako koalizioaren aurkezpen ofiziala egitea.
EAJk aurrerapausotzat jo du Aralarrek ezker abertzaleari atea itxi izana
Eusko Alkartasunak nahiago du oraingoz balantzerik ez egin, eta independenteek ere ez dute iritzirik plazaratu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu