EAJk dio garai berrian ez duela inoren kontrako fronterik egingo

Udaletan eta aldundietan bere hautagaiak aurkeztuta, beste alderdien esku utzi du kolokan dauden zenbait gobernuren osaketaEAJk garaile ez den lekuetan, besteen botoa jasoz gero, ez dio uko egingo gobernatzeari

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
EAJk hautagaitzak udal eta aldundi guztietan aurkeztuko dituela berretsi du Iñigo Urkulluk, Sabin Etxean prentsaurrekoa eginda. Lekuan-lekuan dituen boto guztiak bere buruari emango dizkio EAJk. Ez du jeltzaleena ez den hautagairik babestuko. Bozetan gehiengorik lortu ez duen kasuetan ere gauza bera egingo du: bere hautagaiak aurkeztu, eta haien alde bozkatu. Hortaz, ez batzuei ez besteei baiezkorik eman gabe, gainontzekoen jokaeren esku utziko du hainbat udal eta aldundiren osaketa. Izan ere, berak besteei botorik eman ez arren, gainontzekoen botoak onartuko ditu EAJk. Ez du PSE-EEk eta PP Bilduri gehiengoak kentzeko «frontean» parte hartuko, baina onartuko du bi alderdi horiek berari botoa ematea.

Horiek horrela, Bilduk nagusigoa lortu duen instituzioetan, PPk eta PSE-EEk duten indarrak eta horiek hartzen duten jarrerak baldintzatuko dute gobernua.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, esaterako, PSE-EEk Markel Olano ahaldun nagusi jeltzaleari botoa emateak postua kenduko lioke Martin Garitano Bildukoari. 22 eserleku lortu zituen Bilduk, PSEk 10 eta PPk 4. Azken bi alderdi horiek ez dira nahikoa Bilduko hautagaiari gailentzeko. Baina EAJk 14 ordezkari ditu. Beraz, bigarren bozketan PSEk bere botoak jeltzaleei ematea nahikoa litzateke Olanok ahaldun nagusi jarraitzeko. Donostiako Udalean, berriz, PSE izan zen bigarren zerrenda, eta, PPk hari babesa emanda, Bilduri aurrea hartu eta alkatetza izango luke berriz, EAJk bere hautagaiaren alde egiten badu.

Ez batera, ez bestera

Ez alde batera ez bestera ez egitea erabaki du, hortaz, EAJk. PPk eta PSE-EEk Bilduren aurka proposatutako «frontean» ez zuela parte hartuko esana zuen, eta horiek Bildurengana batu izana egozterik ere ez dute nahi jeltzaleek.

«Argi daukagu Euskadin zerbait aldatu dela, eta guk aldaketa hori bultzatzen jarraituko dugu», hala azaldu du Urkulluk Bilduren aurka zuzenean ez egiteko erabakia. «Fronte eta bloke politika gainditu nahi dugu». Garai berrian «blokeak, fronteak eta itun itxiak» iraganekoak direla eta «atzean utzi» behar direla azaldu du.

Horrez gain,programa guztiak mahai gainean jarri eta proposamenak aztertzea ona delako ere erabaki du EAJk udal eta aldundi guztietan bere hautagaitzak aurkeztea, Urkulluk azaldu duenez. «Zinez uste dugu jardun demokratiko eta politiko zuzena dela egitasmo guztiak alderatzea. Beharrezko jotzen dugu aldundiak gobernatzeko aukera duten alderdiek herritarren aurrean herrialde bakoitzerako duten proposamen zehatza azaltzea».

Hortaz, «koherentzia politikoagatik» eta «gauzarik normalena» delako bozkatuko du bere hautagaien alde EAJk. Beste alderdiek badutela horren berri eta, hala, bakoitzak hartuko duen jarrera norberaren ardura dela esan du.

Zortzi eskumen hil honetan

Beste berri bat ere eman du Urkulluk: 2011ko Espainiako aurrekontuak babestearen truke PSOEko gobernuarekin egin zuen akordioaren arabera hil hau amaitu aurretik zortzi eskumen gehiago Jaurlaritzaren esku utzi behar dituela. «Giltzarria da ituna betetzen ari dela ulertzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.