EAJk eta BNGk bidea ireki diete Espainiako aurrekontuei

«Krisi ekonomikoaren aurrean arduraz jokatu behar delako» egin dute bi alderdi abertzaleek PSOEren aurrekontuen alde

Erredakzioa
2008ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoaren aurrean arduraz jokatzeko unea delako bota dituzte atzera EAJk eta BNGk Espainiako Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari gainerako alderdiek jarritako osoko zuzenketak. Hala, PSOEk aurkeztutako aurrekontuak onartzeko bidea egin dute. Josu Erkorekak atzo El País egunkarian onartu zuen enpresa sektoretik aurrekontuak onartu eta egonkortasuna lortzeko presio handiak izan dituztela. Hala, arduraz jokatzea erabaki dute, eta, gainera, Erkorekaren iritzian, «Euskadirentzat etekin ona» atera du EAJk.

Krisiaren aurrean egonkortasunaren alde egin beharra dagoela azpimarratu zuen Pedro Azpiazu EAJren bozeramaileak ere Espainiako Kongresuan. Alderdien osoko zuzenketak atzera bota aurretik egindako hitzaldian esan zuen egoera ekonomiko honetan beharrezkoa dela aurrekontu adostuak edukitzea, «onenak eta EAJk benetan nahi lituzkeenak» izan ez arren. Izan ere, Azpiazuren ustez, aurrekontuak onartu ezean, ezegonkortasuna areagotu eta krisiak okerrera egingo luke.

Kontrako jarrera dute PPk eta ezker abertzaleak, EAJren irudiko. Aurrekontuen inguruan PSOErekin lortu duten akordioa kritikatu duten «bakarrak» haiek izan direla salatu du Azpiazuk, eta «ezegonkortasun politiko eta instituzionala» bultzatzea egotzi die.

Hala, akordioa lortu dutelako pozik agertu da Azpiazu, negoziaketetan I+G+(b)ren eskuduntza Eusko Jaurlaritzari ematea lortu dutelako.Gernikako Estatutuan eskuduntza hori Jaurlaritzaren esku geratzea jasota dagoela ekarri du gogora, gainera. Gogoratu behar da larunbatean Estatutuak 29 urte beteko dituela.

Jaurlaritzako Justizia sailburu Joseba Azkarragak ohartarazi du, EAJk eta PSOEk I+G+(b)ren inguruan akordioa lortu arren Jaurlaritzak erabakiko duela transferentzia hori onartzen duen edo ez. Izan ere, EAJk ez ezik EAk eta EBk ere osatzen dute Jaurlaritza. Transferentziekin PSOEk izan duen jarrera kritikatu du Azkarragak, eskuduntzak negoziaketarik gabe eman behar direla gogora ekarriz: «'Nik legea bete eta Estatutua garatuko dut, zuk aurrekontuetan babesten banauzu', baina zer zerikusi du batak bestearekin?», salatu du.

Bestalde, I+G+(b)ren eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uztea ona dela diote Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzako EAEko Kontseiluak eta Adegik. «Zientzia estrategia hobeto garatzeko oinarri gisa» eskuduntza hori «oso ona» dela esan du Ikerketa eta Garapenerako Kontseiluak, zein uztailean sortu zen.

Eduardo Zubiaurre Adegiko presidentearen iritzian ere «oso garrantzitsua» da eskuduntza Jaurlaritzaren esku uztea. Lehiakortasunari eusteko ikerketa eta garapena beharrezkoak direla uste du Zubiaurrek. «Baikor eta itxaropentsu» hartu du berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.