EAJk eta EH Bilduk nazio auzia jorratzeko eskatu diote Sanchezi

Estebanek PPren eta Voxen arteko akordioak kritikatu ditu, eta Aizpuruak azaldu du ahal dutena egingo duela eskuinak ez gobernatzeko. 

Aitor Esteban, kanpainako ekitaldi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2023ko uztailaren 13a
18:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Kongresurako EAJren eta EH Bilduren hautagaiek lurralde auzia hizpide hartzeko eskatu diote PSOEren gobernuburu izateko hautagai Pedro Sanchezi, eta PPk hartutako ildoa txarretsi dute. EAJren Bizkaiko hautagai Aitor Estebanek nabarmendu du PPrekin ez dagoela «zer eginik», eta Vox «normalizatzea» leporatu dio: «Arazo larri bat da». EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu Mertxe Aizpuruak, aldiz, adierazi du beharrezkoa dena egingo dutela eskuinak ez gobernatzeko.

EAJko eledunaren hitzetan, Espainiako gobernuburu izan nahi dutenen ardura izango da haiekin hitz egitea. Halere, gehitu du ez direla inoren «makulu» izango, eta jeltzaleek programa propio bat dutela: «Euskal herritarrei soilik erantzuten die». Horiek hala, Radio Vitorian egindako elkarrizketan, adierazi du Sanchezek berak jarri beharko lukeela mahai gainean «Euskadirentzat planteamendu bat», «halakorik balu». Izan ere, Estebanen hitzetan, Euskal Herriko eta Kataluniako nazio auziak jorratu beharrekoak dira, baina egungo gobernuak ez ditu behar bezala tratatu.

Era berean, Alderdi Popularrak Voxekin egindako gobernu akordioak kritikatu ditu, nahiz eta horrek ez duen esan nahi jeltzaleek Sanchezen alde egingo dutenik: «Gustatu ez zaizkigun gauzak egon dira legealdiaren funtzionamenduan».

Aizpuruak, berriz, azaldu du EH Bilduren helburua argia dela: «Eskuinak ez gobernatzea. Izan bakarrik edo Voxekin koalizioan». TVE1 telebista katean eginiko adierazpenetan, gehitu du euskal herritarrak ziur egon daitezkeela Hego Euskal Herriko zein beste edonongo erakundetan hori hala izateko lan egingo dutela.

EH Bilduko eledunak azaldu du ERCk eta koalizio subiranistak «lurralde auziari» irtenbide bat topatzeko lan egingo dutela, eta gehitu du independentziaren inguruko erreferendum bat sustatzea dela xedea: «Mugitu nahi ez bada ere, gauza ez da aldatuko. Errealitate ezberdinduak daude, eta euskal herritarren zein katalanen exijentziak; aldaketak eskatzen dituzte». Beraz, afera «seriotasunez» jorratzeko eskatu du, eztabaida politikoa susta dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.