FORU HAUTESKUNDEAK

EAJk eta PSE-EEk gobernu akordioa itxi dute Gipuzkoan

Hamahiru ekintza ildo definitu dituzte bi alderdiek: besteak beste, «gizarte-politikei bultzada berri bat ematea». Bihar dute inbestidura saioa.

Eider Mendoza, maiatzaren 28an botoa ematen. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2023ko ekainaren 28a
17:57
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusietan bihar dute ahaldun nagusia aukeratzeko bilkura. Ezusterik ezean, Eider Mendoza EAJko ahaldungaia hautatuko dute, EAJk, PSE-EEk eta PPk aldeko botoa emanda. Horretarako ordu eskas batzuk falta direla iritsi da EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu akordioa, «pertsonen zaintza lehenetsiko duen eta gizarte, teknologia eta ingurumen eraldaketei modu berritzaile eta kolaboratiboan erantzungo diena», bi alderdien esanetan.

EAJk eta PSE-EEk hamahiru ildoko egitasmo bat adostu dute: besteak beste, gizarte politikei «bultzada berri bat» ematea, ekonomia «indartsu eta lehiakorra» eraikitzea, «ongizatea eta lehiakortasuna babesteko zerga politika» bat garatzea, klima aldaketari aurre egiteko «estrategia sistemiko» bat gauzatzea, emakumeen eta gizonen «benetako berdintasuna» lortzea, euskararen erabilera «bizitzako esparru guztietan» sustatzea eta mugikortasun «iraunkor eta konektatuan jauzi bat» egitea.

Bi alderdiek koalizioko gobernuaren azken zortzi urteetako «emaitza positiboak» baloratu ondoren sinatu dute hitzarmena, «lankidetzatik abiatuta eta etorkizunera begira, pertsona guztiei kalitatezko enplegua, babes soziala eta bizitza proiektu orekatua bermatzeko». Azaldu dutenez, lurralde «kohesionatu, integratzaile eta jasangarri bat» eraikitzen jarraitzea izango du helburu gobernu berriak, «gizarte desberdintasunei aurre egiteko eta, ekonomia lehiakor batetik abiatuta, Gipuzkoako gizarte osoari ongizate integrala eskaintzeko».

Biharko inbestidura saioa 09:30ean hasiko da Batzar Nagusietan, eta bi ahaldungai nagusik aurkeztuko dute beren hautagaitza; Mendozaz gain, baita Maddalen Iriarte EH Bilduko zerrendaburuak ere. Indar subiranistak lortu zituen batzarkide gehien maiatzaren 28ko hauteskundeetan, 22, eta haren aldeko botoa ematekoak dira Elkarrekin Podemos-IUko bi batzarkideak ere. Beraz, ezusterik ezean, 24 izango lituzke Iriartek. Beste horrenbeste dauzkate EAJk eta PSE-EEk ere, eta, beraz, PPko hiru batzarkideak erabakigarriak izango dira zirt edo zart egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.