Euskal gatazkaren jatorriari buruzko "akordio partekatu" bat gaur-gaurkoz ez du posible ikusten EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek. Haren ustez, adostu beharrekoa da "indarkeria eta sufrimendua" eragin dutenek "euren interesa, kausa edo Estatu arrazoia giza duintasunaren aurretik" jarri dutela.
Radio Euskadin elkarrizketatu dute Egibar, eta atzo Eusko Legebiltzarrean bakerako lantaldearen oinarriak finkatu izanaz jardun du. "Aurreko legealdiko ponentzian eta atzoko ebazpenetan denak bat gatoz interpretazio ugari egongo direla giza eskubideen urraketen jatorriaren inguruan", esan du, eta gaineratu du "hitz eginez eta entzunez bestearen posizioak ulertu" daitezkeela.
Egibarrek azaldu du legebiltzarreko bake batzordeak ez duela" ETAren indarkeriaren amaiera baieztatzeko asmorik, ezta estatus politiko berriaz hitz egitekorik" ere. Azken horretarako "beste ponentzia bat" egingo dutela adierazi du. Hain zuzen, bakerako lantaldearen helburua "humanizazio eta adiskidetze lanak" egitea izango da, Egibarren esanetan.