Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ

EAJk hitzeman du gazte ekintzaileak laguntzeko plan bat sustatuko duela

Konpromisoa eskatu die Urkulluk gazteei, krisiari aurre egiteko eta Euskal Herri «berria» munduratzeko

EAJren Gogorregi konpartsak Bilboko Arriaga plazan jarritako karpan izan zen atzo Iñigo Urkullu lehendakarigaia. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Gogorregi EAJren Bilboko konpartsak gonbidatuta, Arriaga plazan jarritako txosnan izan zen atzo Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia. Gazte gara gazte, eta ez gaude konforme, herri abestiaren lehengo letrak ekarri zituengogora han bildutako gazteak agurtzeko. Konpromisoa eskatu zien, eta konpromisoa eskaini, hori baita, Urkulluren hitzetan, egungo krisi ekonomikoari aurre egiteko gakoa. «Duela 25 urte, halako krisi batean geunden, eta atera ginen. Oraingo formula ezberdina izango da, baina izpiritua berbera: konpromisoa, elkarlana eta ilusioa».

Konpromisoaz gain, Urkulluk ez zuen inolako neurri zehatzik iragarri. Festa batean zegoela nabarmendu zuen, eta eskertu ere bai. Ohiko traje eta gorbata etxean utzi, eta «beste gonbidatu bat izango balitz bezala» azaldu zen. Hori bai, iragarritakoa baino ordu bete beranduago igo zen oholtzara. Karpa beteta zegoen ordurako. Hizketan hasi ahal izateko isiltzeko eskatu zien han bildutakoei, eta ozen hitz egin behar izan zuen ondoren ere.

Festaren leloa —I am Basque— izan zuen ahotan behin eta berriz Urkulluk. Eta euskaldun izatearen harrotasuna «munduan» zabaltzeko eskatu zien han bildutakoei. Euskaldunak «Euskadin lan egiten dutenak» direla nabarmendu zuen. «Munduan Basque people gara, baita abertzaleak ez direnak ere». «Herri konprometitu, anitz eta ireki baten sinadura da I am Basque. Jatorriak ez du axolarik», esan zuen.

Bi aldiz entzun zituen txaloak. Aurrena euskaren defentsa egin zuenean. «Geografia bat baino gehiago gara. Gure esku dago euskara gaztetzea. Zaindu maite duzun hori», esan zuenean. Bestea, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko konpromisoa hartu zuenean. Orduan entzun ziren «ari, ari, ari Urkullu lehendakari» oihuak.

ETAren jardun armatuaren amaierari buruz ere mintzatu zen. Horrek euskal nortasuna munduratzen lagunduko duela nabarmendu zuen. «Orain ez dugu ehun aldiz esplikatu behar terrorismoaren auzia. Bazen garaia. Orain ozenago esaten duguI am Basque!». ETAren jardunak, baina, «gure irudia hondatu eta gure balioak kontaminatu» dituela adierazi zuen.

Euskal Herri «berria» munduratzen laguntzeko eskatu ostean, amaitu zuen bere hitzaldia Urkulluk. Ondoren, txosnan barrena ibili zen, eta han zeuden gazteekin hitz egiteko aukera izan zuen.

Urkulluk ez bezala, Andoni Ortuzar Bizkaiko zerrendaburuak krisialdi ekonomikoa dela-eta gazteek bizi duten egoera izan zuen hizpide atzo goizean, Balmasedako El Paramo industrialdean eginiko ekitaldian. Nabarmendu zuen krisialdiak gogorren jo duen sektoreetako bat dela gazteria eta horri erantzuteko «plan bat» aurkeztuko duela EAJk. «Pertsonek beren gaitasunak garatu ahal izateko baldintzak sortzea» izango litzateke alderdi jeltzalearen proposamenaren helburua. «Gazte ekintzaileei» buruz mintzatu zaie bereziki. Esan zuen «negozio bat garatzeko ideiak dituzten gazteak» lagunduko dituela EAJk. «Euskaldunen DNAn dago ekintzaile kultura. Instituzioetatik bultzatzea, bidea erraztea falta zaie soilik gazteei». Enpresak sortzeko proposamenen artean, Ortuzarrek honako hauek aipatu zituen: proiektu bat martxan jartzeko aholkularitza zerbitzu bat martxan jartzea, enpresa sortu berrientzako laguntzak lehen urtean, eta gazteentzako enplegua sustatzen duten enpresentzako laguntzak. Laguntza horien nolakotasuna edo zenbatekoa ez zituen zehaztu Ortuzarrek.

Joseba Egibar Gipuzkoako zerrendaburua, berriz, gaur bilduko da gazteekin, Lazkaoko pilotalekuan, 11:30etik aurrera.

Kultura «publiko-pribatua»

Atzo, Irungo Oiasso museoan izan zen Egibar, eta, han, krisialdiak kulturan izan duen eraginaz mintzatu zen. «Bere etorkizunari buruzko hausnarketa sakon bat egin beharko dugu», adierazi zuen.

Egibarrek azaldu zuen, kulturak eta, bereziki, euskal kulturak, «herri honen motore» izan behar dutela. «Hori ezin dugu ahaztu». Hala ere, «mirakulurik» ezin dela egin aitortu zuen, eta, aurrera begira, kultura ulertu eta kontsumitzeko moduak zein kulturgintzako eragileen eta instituzioen arteko harremanak aldatu beharko direla adierazi zuen. Alor horretan, herritarren eskaerak geroz eta handiagoak direla adierazi zuen, eta, horri erantzuteko, «elkarlan publiko-pribatua» ezinbestekoa izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.