EAJk ohartarazi du ez dela sartuko NaBai hautsi nahi duten formuletan

Ortuzarren arabera, ez dago baldintzarik koalizioa osatzeko, eta argi utzi du ez dutela parte hartuko «irudi operazioetan»Morenok uste du Aralarrekin akordioa lor daitekeela, eta EAJren aukera ez du baztertu

joxerra senar
Iruñea
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
EAJk ez du begi onez ikusten Alternatibak, EAk eta ezker abertzaleak azaroaren 20ko hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko egindako eskaintza. Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentearen ustez, proposamenaren bidez ezker abertzaleari «aurpegia garbitu» nahi diote. Era berean, Nafarroan aukera horrek NaBai koalizioaren haustura eragingo lukeela iritzi dio: «Gaizki hasten da elkarrizketarako eta akordiorako eskaintza hori, baldin eta lehenik eta behin NaBai hautsi nahi bada», arrazoitu du. Hala, Ortuzarrek ohartarazi du EAJk ez duela parte hartuko «ez ezker abertzalearen irudi operazioetan ez Nafarroa Bairen moduko erreminta politikoak hondatuko dituzten operazioetan».

Buruzagi jeltzalearen iritziz, Bilduko alderdiek ekimen horren bitartez arreta desbideratu nahi izan dute: «Udan ETAren biktimekin erakutsitako sentiberatasun faltaren ondorioz sortutako polemika ezkutatzeko erabili dute proposamena». Haren ustez, polemika hori saihesteko eta gainontzeko alderdi abertzaleak «nahasteko» atera da proposamena. Herenegun Uxue Barkos Espainiako Kongresuko NaBairen diputatuak azaldutako iritziarekin «nahiko» ados dago, eta gaineratu du hauteskundeei begirako akordio bat egon dadin «koherentzia bat» egon behar duela.

Hala, EAJren ikuspuntutik, egungo egoera politikoan ez da oraindik baldintza nahikorik Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan abertzaleen arteko koalizio bat osatzeko. Ortuzarrek azpimarratu du ezker abertzaleak ez duela argitu oraindik «zer proiektu nahi duen herrialdearentzat», eta uste du «ETAk jarraitzen duen bitartean» ez dagoela koaliziorako modurik: «ETAk bere kabuz egiten ez badu, funtsezkoa da ezker abertzaleak gauzak argi uztea eta ETAri esatea herrialde honetan inork ez duela ulertzen segitzea, su-etenean bada ere», azaldu du. Haren ustez, ezker abertzaleak ETAri modu pribatuan eta publikoki eman behar dio mezu hori, «euskal gizarte osoak entzun dezan».

Barcinaren iritzia

Proposamena aztertzeko asmoz herenegun Aralarrek EAko, ezker abertzaleko eta Alternatibako ordezkariekin izandako lehen bilera hizpide hartu zuen atzo Yolanda Barcinak, Nafarroako lehendakariak. Nahiz eta hauteskundeetarako koalizioa osatzea alderdi horiei dagokiela adierazi, abertzaleen jarrera kritikatzeko baliatu du aukera Yolanda Barcinak. «Aralar maiz Bildurengandik gertu izan da, eta orain ematen du gehiago gerturatzen ari direla», esan du. NaBai akordioan sartuko balitz emaitzak aldatuko liratekeen galdetu diote kazetariek: «Ikusten ari gara aspaldidanik gizarte politiketan, ekonomian, enpleguan ezadostasun handiak dituzten alderdiak interes politikoen arabera batu eta desegin egiten direla», erantzun du.

«Akordioa posible da»

Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak adierazi du Aralarrekin akordioa lortzea posible dela eta lehen bileratik irudipen horrekin atera zela. Txelui Morenoren arabera, bileran koalizio horren ahalmena azaldu zuten hiru alderdiek. Aralarrek, berriz, hauteskundeei begira aztergai dituen planteamenduak jarri zituen mahai gainean. Hurrengo bileran, proposamenean sakondu eta aukera hori aurrera nola eraman aztertuko dute bi aldeek.

Morenoren ustez, aurreko maiatzeko hauteskundeetan «Espainiako Estatuaren blokeo estrategia haustea» lortu bazen, orain une egokia da «herri gisa» Kongresura joateko: «Guk uste dugu gure herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortzak etorri beharko lukeela orain».

Nahiz eta EAJk publikoki proposamena irmo kritikatu, Morenok ez du baztertu jeltzaleek proposamenarekin bat egitea. Oraindik EAJk ez die ezer jakinarazi, eta horregatik ez du amore eman nahi. Era berean, ukatu egin du proposamena NaBairen aurka doala, eta zehaztu du eskaintza espresuki EAJri eta Aralarri egin dietela, ez koalizioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.