EAJren ustez, aurreratu egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Berez 2013ko udaberrian egitea egokitzen den arren, datorren udazkenean egingo direla pentsatzen du: urrian edo azaroan. «Logikoa litzateke, gobernu berriari urtea aurrekontu berriekin hastea ahalbidetuko liokeelako», adierazi du Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak Radio Euskadi irratian.Ortuzarren iritziz, Patxi Lopez buru duen Eusko Jaurlaritza ez da 2013ko udaberrira iristeko gai, «arnasketa lagunduarekin baitago». EAJkoaren hitzetan, gainera, «duen kanpo birikak, PPk, gero eta kalitate okerragoko oxigenoa ematen dio, eta gero eta zailtasun gehiago jartzen dizkio». Horrela ez duela asko iraungo iruditzen zaio Ortuzarri.
EAJk ez du oraindik erabaki zein hautagai aurkeztuko duen lehendakaritzarako. «Datozen hilabeteetan» aukeratuko du. Orain zuzendaritza berritzeko barne prozesuan murgilduta dago, urtarrilaren 15ean aukeratuko du EBB berria, eta, Ortuzarren hitzetan, lehendakarigaia hautatzea izango da horren lehen egitekoa.
Ihes egindakoen botoa
Bestalde, ETAren mehatxuak zirela medio Euskal Herritik ihes egindakoei hemen egiten diren hauteskunde guztietan botoa emateko eskubidea aitortzeko PPk duen egitasmoa «gehiengo artifizialari eutsi eta lehendakari abertzale bat egotea eragotzi nahi duen estrategiarekin» lotu du Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakariak. Urkulluren ustez, ihes egin zuten guztiak itzul daitezke, «mehatxu terrorista desagertzear dagoenez», baina Euskal Herrian bizi gabe Euskal Herrian botoa ematearen aukera «pentsaezina» litzatekeela uste du.
EAJk uste du Eusko Legebiltzarrerako bozak udazkenean egingo direla
Urkulluren ustez, PPk «gehiengo artifizialari» eutsi nahi dio, ETAk mehatxatuta ihes egin zutenen botoen bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu