EAJk uste du Sanchezekin duen negoziazioa «bide egokian» sartu dela

UPNk ohartarazi dio PSOEko buruari euskal presoen «kontzesioak» zailduko dituela. EH Bildu bihar elkartuko da Sanchezekin, estreinakoz

Pedro Sanchez eta Alberto Catalan, atzoko bileran, Madrilen. JAVIER LIZON / EFE.
xabier martin
2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez Moncloara eramango lukeen akordio zabalaren euskal hariak badoaz argitzen gutxika. PSOErekin egin duen azken bileraren analisi baikorragoa egin du EAJk, bilera egunean Aitor Estebanek jeltzaleek Kongresuan duten bozeramaileak, egin zuena baino. UPNk, berriz, oso argi berretsi dio PSOEko buruari ez duela babestuko haren inbestidura saioan; eta EH Bildu bihar elkartuko da Sanchezekin, iragarria duen «gobernu progresista» baten aldeko babes horretan urrats bat gehiago egiteko. Estreinakoz batzartuko dira Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea eta koalizio abertzaleko ordezkariak; zehazki, Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramailearekin eta Gorka Elejabarrieta senatariarekin izango da Sanchez.

Gauzak horrela, EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak esan du negoziazioak «forma hartu» duela, eta erantsi du jeltzaleen eta PSOEren arteko aste honetako bilera «sakoneko lehen elkarrizketa» izan dela alderdi bien artean. Hitz egiten jarraitzeko «borondatea» dutela erantsi du; «zeri buruz hitz egin behar den» ere adostu bide dute. Hau da, PSOEk badaki jada EAJk zer edukitan dituen eskaera jakinak Sanchezi babesa ematearen truke: «Lanerako bide egoki bat zabaldu da datorren asteetarako».

UPNren abisuak

Hala, BBBko buruak «lanerako proposamenak» badaudela berretsi du. Negoziagai diren gaien artean ez daude «alderdiarenak» jo daitezkeenak, Atutxaren hitzetan, baizik eta «Euskadin eskatu diren gaiak».

UPNko kongresukide Alberto Catalan, berriz, atzo egon zen Sanchezekin, eta ez duela Espainiako presidente gisa babestuko esan zion aurrez aurre. 40 minutuko bileraren ostean, «kezkaturik» atera zen UPNko kidea, jarduneko presidenteak «amnistiaren inguruan» duen iritzia dela eta.

Baina Catalan sutan jartzen duenak PSOEren babes batzuekin du lotura. Bihar, EH Bilduko ordezkariekin elkartuko da Sanchez, izan ere. «Aberrazio hutsa da ETAren oinordekoak zuritzea; oraindik ez dituzte gaitzetsi atentatuak», esan zuen Catalanek. Gainera, «Nafarroako lurraldetasunarekin» zerikusia duen guztia arretaz «zainduko» dutela helarazi zion Sanchezi, baita euskal presoen inguruko «kontzesioak» posibleak ere: «Bilduk ez du ezer doan ematen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.