ekoNOMIA

EAJk Zapateroren murrizketa planaren kontra bozkatuko du

Bihar egingo dute bozketa Espainiako Kongresuan. "Gure autogobernuaren eta Euskadiko herritarren eskubideak defendatu behar ditugu", esan du Urkulluk.

2010eko maiatzaren 26a
10:03
Entzun
Bihar bozkatuko dute Espainiako Kongresuan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak defizit publikoa 15.000 milioi eurotan jaisteko asmoz proposatutako dekretu legea, eta EAJk gaur jakinarazi du ezezko botoa emango duela. "Gure autogobernuaren eta Euskadiko herritarren eskubideak defendatu behar ditugu". Iñigo Urkullu EAJko presidentearen hitzak dira. Horregatik erabaki ei dute Espainiako Gobernuak zor publikoa murrizteko egin duen dekretuaren kontra bozkatzea. Plana "bidegabea" dela esan du Urkulluk, eta "azken unera arte" Zapateroren asmoak aldatzen saiatu direla, baina ez dutela lortu. Horregatik, Espainiako Kongresuan bihar egingo den bozketan dekretuaren kontrako botoa emango dute diputatu jeltzaleek.

UPNk gaur arratsaldean jakinarazi du abstenitu egingo dela. Proposamenen kontra dagoela adierazi du, baina "arduraz" jokatu nahi duela "une hauetan".

Zapatero CiUren menpe dago orain gastu murrizketen plana onartzeko.

ELAk euskal parlamentariei eskatu die ezezkoa emateko

ELA sindikatuak euskal parlamentariei eskatu die dekretu proposamenari ezezkoa emateko. Izan ere, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren arabera, "dekretua erabat bidegabea eta antisoziala da, murrizketen kostua pentsiodunei, familiei eta sektore publikoko langileei leporatzen dielako. Gainera, dekretuak autogobernuari eraso egiten dio, negoziazio kolektiboari edota tokiko erakundeen erabakitzeko ahalmenei dagokienez".

ELAk dio Eusko Jaurlaritzak -PSE dago agintean- eta Nafarroako Gobernuak -UPN- onartu egin dutela defizit publiko eta zorpetze maila Espainiako Estatuak ezartzea, "biak ere egungo egoeran berebiziko garrantzia duten gaiak diren arren".

Ondorioz, Muñozen ustez, "bihar eman litekeen boto bakarra ezezkoa da. Abstentzioa edo baiezkoa gauza bera da, dekretua berrestea ekarriko baitu, eta horrek hainbat ondorio ekarriko du: datorren urtean pentsioak izoztea, mendekotasun prestazioak murriztea, haurren jaiotzagatik diru laguntza kentzea, administrazioko soldatak murriztea -negoziazio kolektiboko hitzarmenak bazter utzita- eta euskal erakundeen jarduteko ahalmena mugatzea”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.