Azken egunotan bere hautagaitzaren inguruan filtratu diren informazioak direla-eta, Xabier Arzalluz EAJko egungo lehendakaria haserre egotea ulergarria zaiola adierazi du Olanok; hain zuzen ere, bera ere haserre dagoela esan du barne eztabaida hedabideen bidez iritzi publikora zabaldu delako.
Nolanahi ere, EAJ "alderdi aberatsa" dela azpimarratu du Olanok, eta, beraz, jeltzaleen artean jarrera eta ikuspuntu diferenteak badirela, eta hori dela medio, tentsioak ere bai. Dena den, horren guztiaren gainetik eztabaida prozesuak "amaiera demokratikoa" izango duela azpimarratu du EBBko kideak, hain justu, azken hitza alderdikideek izango dutelako. "Horregatik, alderdikideei errespetua zor zaie, eta debatea ezin da manipulatu informazio txar edo sesgatuen bidez", adierazi du Olanok. Ildo horretatik,filtrazioa egin duenak "asmo jakin bat" daukala ohartarazi du.
Ezker abertzaleko buruzagi Pernando Barrenak EAJren barne prozesuari errespetu handia zor zaiela erantzun dio Olanori, baina jeltzaleen arteko eztabaida horrek interes handia duela beste alderdientzako ere, zehazki, Euskal Herrian momentu politiko garrantzitsua bizi delako. "Interes handia du EAJko barne eztabaidak. Izan ere, Euskal Herriaren etorkizunera begira garrantzi handiko momentu politikogan gaude. Ondorioz, kezkatuta segitzen ari gara EAJren baitako eztabaida. Afera ez da Imaz, Egibar edo Arzalluz bera izan lehendakari, baizik eta hautagai bakoitzaren atzean dauden egitasmo politikoak".
Barrenak argi eta garbi utzi du ezker abertzaleak ezlukeela nahi Josu Jon Imaz izatea EAJko hurrengo lehendakaria: "Momentu politiko garrantzitsu honetan, ezinbestekoa da abertzaleen arteko elkarlana. Ildo horretatik, hurrengo lehendakaria Imaz balitz, kezka hartuko genuke hautaketa hori, abertzaleen arteko elkarlanerako oztopo izan baitaiteke Imaz. Izan ere, oso jarrera erasokorra du ezker abertzalearekiko", azaldu du.
Euskadi Irratiko saio horretan solaskide diren EAko Sabin Intxaurragak, PSE-EEko Ramon Etxezarretak eta EB-IUko Mikel Aranak, EAJren barne prozesua "errespetuz" segitu behar dela iritzi diote. Hala ere, Etxezarretak eta Aranak nolabaiteko poza adierazi dute EAJren barruan ere halako ezadostasunak antzeman direlako. "Jendeak alderdietako barne borrokak ezagutzea ona da. Halaber, gustagarria da ikustea beste alderdiek ere barne arazoak dituztela", esan du Aranak. Etxezarretak, berriz, Arzalluz buruzagiak eta EAJk berak azaldu izan duen "irudi monolitikoa" auzitan geratzen ari dela azpimarratu du, eta alderdi politikoen barneko eztabaidak "sanoak" iruditzen zaizkionez, eta EAJk besteen barne arazoak "harrokeriaz" epaitu izan dituenez, jeltzaleen azken egunotako arazoek "irri txikia" sortarazi diotela aitortu du.
Errezeloa polizia operazioaren inguruan
EAJko barne eztabaida ez ezik, Frantziako eta Espainiako poliziek asteazkenean egin zuten sarekada handia ere hizpide izan dute Euskadi Irratiko politikarien solas tarteko mintzakideek. Guztiek esan dute atxiloketa kopuru handia —34 dira guztira— deigarria egin zaiela, eta nolabaiteko errezeloa sortzen diela. Sabin Intxaurragaren aburuz, kontrakorik frogatu ezean, errugabetasun printzipioa aplikatu behar zaie atxilotu gutiei. Halaber, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak eta Frantziako Laurence Le Vertek gidatutako operazioak "eragin mediatiko hutsa" edo bestelakorik izango duen oraindik ikuskizun dagoela azaldu du.
EB-IUko Mikel Aranari deigarria egin zaio sarekada horren inguruan "atxiloketa prebentiboaren" kontzeptua sortu izana. Axiloketa prebentiboaren kontzeptu horrek "kode penalaren printzipio guztiak" urratzen dituela azpimarratu du Aranak. Halaber, Garzonen instrukzioak sarritan ez direla oso egokiak izan ohartarazi du EB-IUko kideak, eta hori eta atxioketa kopuru handia aintzat hartuta, sarekadak "gehiegikeria itxura" daukala adierazi du.
PSE-EEko Ramon Etxezarretaren iduriko, 34 lagun operazio bakar batean atxilotzeak bi azalpen izan ditzake: edo ETA oso ahul dagoela eta jendea erraz erortzen dela, edo, bestela, atxilotu behar ezeko asko atzeman dituztela.
Pernando Barrena ezker abertzaleko buruaren aburuz, operazio handi horrek bi esangura nabarmen ditu: batetik, polizia operazioak unean-unean lor daitekeen etekin politikoarne arabera dosifikatzen dituztela. Izan ere, ustez Ibon Fernadez Iradiri atzemandako paperetan oinarritutako hirugarren operazioa dela oroitarazi du. "Ustez norbaiti atemadnako paper batzuen harira egiten den hirugarren operazioa da. Ondorioz, eta Garzonen egite politika aintzat hartutak, horrek esan nahi du operazioak dosifikatu egiten dituztela etekin politikoak ateratzeko".
Bestetik, Euskal Herriaren marko politikoari buruzkoeztabaida nagusitu den unean egin dela operazio hori azpimarratu du Barrenak, eta, neurri handi batean, helburua eztabaida hori zapuztea dela.
EAJko Markel Olanok, ostera, miaketetan ez dute batere armarik atzeman nabarmendu du. Datu hori eta Garzon epailearen xedeetako bat hedabideetan oihartzuna lortzea izaten dela aintzat hartuta, sarekadak errezeloa sortu diola aitortu du.
Politika
EAJko barne eztabaidak "tentsioen gainetik amaiera demokratikoa" izango duela nabarmendu du Markel Olano EBBko kideak
EAJko lehendakariaren hautaketa eta alderdi horren barneko eztabaida izan dute hizpide Euskadi Irratiko politikarien solasaldian. EBB Euzkadi Buru Batzarreko kide eta saio horretako solaskide Markel Olanok onartu du jeltzaleen artean jarrera ezberdinak badirela, eta, ondorioz, tentsioak era bai. Dena den, tentsioen gainetik, barne eztabaida prozesuak "amaiera demokratikoa" izango duela nabarmendu du. Ezker abertzaleko buruzagi Pernando Barrenak, berriz, EAJko lehendakari Josu Jon Imaz hautatzeak abertzaleen arteko elkarlana oztopa dezakeela erantzun dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu