Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bozen ondorena

EAJrekin akordioa egiteko aukera urruti ikusten du Patxi Lopezek

Emaitza txarrei buruz hausnartzeko, Nazio Batzarra bilduko da asteartean, eta datorren urte hasieran Kongresua egingo du PSEkLopezek alderdiaren buru izaten segitu nahi du, eta oraingoz legebiltzarkide izango da

Patxi Lopez, atzo arratsaldean, hauteskundeak baloratzeko Bilbon emandako prentsaurrekoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Lasaitasun itxura ematen saiatu den arren, tentsioa nagusi izan du Patxi Lopez jarduneko lehendakariak hauteskundeen ondoren egindako lehen agerraldian. Kazetarien etengabeko galderen aurrean ezin izan du urduritasuna ezkutatu. Atrilari gogor eutsita aritu da, eta etorkizunari buruzko galdera errepikakorrak moztu ditu: «Esan dudana esan dut». Zalantzak ez ditu erabat argitu, baina hartuko duen bideari buruzko arrasto handiak eman ditu. Jaurlaritzaren osaerari buruz, esaterako, adierazi du zail ikusten duela PSE-EEk EAJrekin akordioa egitea, baina ez du eman ezezko borobilik. «Beste aldean [EAJn] ez dut borondaterik ikusten», argudiatu du.

«Zurrumurru zopa» argitzen aritu da Lopez, eta Urkulluri buruzkoa izan da lehena: «Espero dut deituko didala, oraindik ez baitu deitu». Edozein modutan, oposizioan jarri du bere burua. PSE-EEk «oposizio arduratsu eta leiala» egingo duela agindu du; «ez, behintzat, EAJrena baino [ardura] gutxiagokoa». Horrekin EAJ arduragabe aritu dela iradoki nahi duen galdetuta, «esan dudana esan dut; gurea ez da gutxiago izango», erantzun du.

EAJrekin minduta dagoela agerian utzi du jarduneko lehendakariak, baina ez du minean sakondu nahi izan. Urkulluk aldarrikatutako akordio egonkor eta orokorrei buruz galdetuta, adierazi du lehenengo EAJren proposamena «entzun» egin behar duela; «akordioa egitea, baina, zertarako jakin gabe...».

Bere lehentasunak zeintzuk diren argi duela azaldu du PSEko buruak: krisiari aurre egitea; bide horretan eskumakoak ez diren neurriak hartzea «zerbitzu publikoei eutsita eta zerga sistema aldatuta»; eta «bikoiztasunik gabeko herri modernoago bat» sortzea. EAJk oinarri horien gainean akordioak egin nahiko balitu PSE-EE ere prest legokeela adierazi du, baina gaineratu duenez, ez dauka hala izango den itxaropenik.

Izan ere, EAJk aurrekontuaetan murrizteko asmoa badu, eta zerga sistema aldatzeko premiaren aurrean uzkur ari bada, besteak beste osasunean eta hezkuntzan murriztuko duela iruditzen zaio Lopezi. «Eta hori ez dugu onartuko», esan du argi.

Legebiltzarreko beste egoera batek ere «kezkatuta» daukala onartu du Lopezek: «Legealdi honetan abertzaleek abentura subiranista berriak martxan jartzeak kezkatzen nau». Jakinarazi du PSE-EE aurrez aurre izango dutela asmo hori badute. «Demokrazia, autogobernua eta legezkotasuna defendatuko ditugula argi utzi nahi dut». Izan ere, haren hitzetan, «legezkotasuna mespretxatzen dutelako» kezkatzen dute burujabetzaren aldekoek. Hortaz, «haustura arriskuen aurrean», sozialistak legea eta Espainiako Konstituzioa eskutan hartuta arituko direla ziurtatu du.

Hauteskundeetan PSEk jaso dituen emaitza txarren inguruan, Lopezek ez du uste horren arrazoia Jaurlaritzan egindako lana denik. Areago, Jaurlaritzan aritu izanak alderdiaren gainbehera gutxitu egin duela iruditzen zaio.

Hortaz, «harro» dago lehendakaritzan egindako lanarekin. «Egin behar genuena egin dugu», ziurtatu du: «Askatasunaren eta bakearen legegintzaldia izan da hau», esan du. «Lasaitasunaren eta normaltasun politiko eta sozialaren legealdia. Eta krisiaren aurrean, erresistentziarena».

Baina iragarri du PSEk urriaren 30ean Nazio Batzordea bilduko duela alderdiaren porrotaren gainean hausnarketa egin behar duelako, eta 2013 hasieran Kongresua egingo duela «proiektu sozialista zehazteko». Lopezen beraren etorkizuna ere orduan argituko da. Bitartean legebiltzarkide kargua hartuko duela baieztatu du, eta PSE-EEren idazkari nagusi izaten jarraituko duela. Gerora ere karguan jarraitzea da haren asmoa. Bestalde, Espainiako Senatura joateko aukerari buruz zabaldu diren zurrumurruen inguruan, adierazi du hori ez duela «planteatu ere egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.