Politika

EAk eta Alternatibak batzarrean onartu dute koalizioa osatzea Araba Bairekin eta independenteekin

Ezker abertzalea ere hautagaitza horri gehitu beharko litzaiokeela esan du Pello Urizar idazkari nagusiak. Oskar Matutek udal hauteskundeen garrantzia nabarmendu du "herri proiektu berria eraikitze aldera", eta urratsak ez duela hauteskundeetan amaierarik izango gaineratu du.

2011ko apirilaren 2a
16:29
Entzun

Eusko Alkartasunak eta Alternatibak alderdien batzarretan onartu dute gaur Araba Bairekin eta independenteekin maiatzaren 22ko hauteskundetarako koalizioa osatzea. Eusko Alkartasunaren batzar nazionalak kontrako botorik gabe onartu du. EAren exekutibak aurkeztu du proposamena eta batzarra amaitu ondoren Pello Urizar idazkari nagusiak esan du ezker abertzaleak ere hautagaitza horri gehitu beharko litzaiokeela: "Horrela izatea espero dugu, Auzitegi Konstituzionalak epearen barruan hartzen badu erregistroarekin gaineko erabakia. Baldintza hori nahikoa litzateke koalizioan parte hartzeko".

Koalizioko hautagaiek etika dekalogo bat sinatu beharko dutela aurreratu du, "bide politiko eta baketsuen aldeko konpromisoa argi eta garbi utziz, edozein biolentzia motaren kontra". Independenteak hauteskunde guztietan egoten direla gaineratu du Urizarrek, "are eta gehiago udal hauteskundeetan", eta koalizioan parte hartzen duten independenteek legea beteko dutela gaineratu du.

Alternatibak biltzar nazionalean hartu du erabakia, "Euskal Herria Ezkerretik akordioan hartutako konpromisoak berretsita". Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek positibotzat jo du koalizioa sortzea, eta erakundeak bere hastapenetatik adierazi duen borondatearekin bat datorrela dio. “Alternatiba jaio zenetik, herri honek behar eta espero duen ezkerreko indarren bilkura ahalbidetu eta gauzatzea izan du proiektu nagusia. Bada, beraz, lehendabiziko urrats bat, hauteskundeetan amaiera izango ez duena, Euskal Herrian aldaketa sakona eragiteko sortutako apustu politikoa izango baita”.

Alternatibak bere ezaugarri propioak gordeko dituela ziurtatu du Matutek, pertsona eta herri guztietarako eskubideak aldarrikatuz, “batzuk besteen aurretik lehenetsi gabe”, agenda feminista, subiranista, errotiko demokrazioa zalea eta eredu ekonomiko alternatiboaren aldeko apustua babestuko duela esan du. Matutek nabarmendu du garai berri honetan udal eta foru erakundeek izango duten garrantzia: "Tokikoa funtsezko eremu estrategikoa da herri proiektu berria balio alternatiboetatik eraikitze aldera. Aukera hau baliatu beharra daukagu eskubide guztiak, bazterketarik eta lehentasunik gabe, politikaren erdigunean kokatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.