Eusko Alkartasunak igandean ospatuko du Alkartasun Eguna, Guardian (Araba). Gure nortasuna lelopean egingo dute ekitaldia, eta xede izango du «euskal identitateari balioa ematea». Hartara, abagunea baliatuko dute Arabako Errioxako «abertzaleen konpromisoari eta borrokari» aitortza egiteko.
«Gure nortasunari, gure balioei balioa eman behar diegun une historiko batean murgilduta gaude», adierazi du EAko idazkari nagusi Eba Blancok, estatus politiko berriaren inguruko eztabaidari erreferentzia eginda. Haren esanetan, eskuin muturrak Espainiako Estatua gobernatzeko aukera handia du, eta horri aurre egiteko «euste hormarik onena» estaturik gabeko nazioetatik egin daitekeen lana da. Hain zuzen horregatik, garrantzi berezia eman dio lehenbailehen bide emateari EAErako eta Nafarroarako estatus politiko berrien negoziazioei.
Igandean, baina, Arabako Errioxako egoerari erreparatuko diote batik bat. Blancoren esanetan, ezinbestekoa izan da «hamarkada luzez eskuinaren gotorleku» izandako eremu hartan abertzaleek egindako lana, eta gehitu du haiei esker ere badela esparru politiko berri bat ezartzeko aukera mahai gainean egotea. Zehazki, bi lagun omenduko dituzte: Teodoro Martinez de Cañas eta Loli Sarasua Ruiz de Gallo Lezako alkate ohiak.