Nafarroako EAko idazkari nagusi Maiorga Ramirezek azaroko hauteskundeetan irabazteko ezkerreko abertzaleen arteko batasunaren alde egin du beste behin ere. Aukera "erreala" dela esan du Ramirezek eta gehitu du PP eta UPNk ondo asmatu dutela egin duten irakurketan.
Ramirezek gaur prentsari egindako adierazpenetan "testuinguru historiko" batean gaudela baieztatu du, bere ustez, momentu hau historikoa da betirako bake eta normalizazioa lortzeko aukerak eskaintzen dituelako eta abertzale ezkertiarren arteko batasuna eta elkarlanerako aukeran aurrerapuso garrantiztuak eman direlako.
"Nafarroako eskuinak oso ondo asmatu du egoeraz egin duen irakurketan; argi ikusi baitute abertzaleok Nafarroan lehen indar politikoa izateko aukera dugula" azpimarratu du Maiorgak; "horregatik sortu dute hain modu azkarrean eta etsi-etsian UPN eta PPren arteko hauteskundeetarako akordioa".
EAko bozeramailearen iritziz, azaroaren 20an Nafarroan "bi aukera politiko egongo dira: eskuina ordezkatzen dutenak alde batetik, eta bestetik aldaketa martxan dela uste duten eta honen alde egiten duten gizon eta emakume ezkertiar eta abertzaleak".