Politika

EAk galdeketaren auzia Europako Batasuneko Kontseilura eramango du, ALEren bitartez

Geert Lambert Europako Aliantza Libreko kideak idatzizko galderak aurkeztuko ditu eta EBko Ministroen Kontseiluaren aginduz Espainiako Gobernua derrigortuta egongo da erantzutera. Kontseiluko biltzar parlamentarioak mozioa jorra dezan ere saiatuko da.

2008ko irailaren 25a
19:21
Entzun
Mikel Irujo EAko europarlamentariak gaur jakinarazi du Europako Aliantza Librearen (ALE) bitartez idatziz galderak sartuko dituztela Europako Batasuneko (EB) Kontseiluan, eta mozioa txertatzen ere ahaleginduko direla. Hain zuzen, Geert Lambert Spirit (Flandes) alderdiko Belgikako senatari, ALEko kide eta EBko Kontseiluko biltzar parlamentarioko ordezkaria saiatuko da horretan. Irujorekin batera eman du ekimenaren berri, gaur, Donostian.

Bien arabera, EBko Ministroen Kontseiluaren aginduz Espainiako Gobernua derrigortuta egongo da idatzizko galderak erantzutera, baina ez du eperik izango horretarako. EBko Kontseiluko biltzar parlamentarioak mozioa jorra dezan, berriz, sinadura kopuru handia behar da, eta Irujok eta Lambertek uste du PSOE eta PP hori trabatzen saiatuko direla. "Galdeketa Europako agendan jartzea da asmoa, horrek egiten diolako min Espainiari", esan du Irujok.

Europako Aliantza Libreko kidea da EA, ERC (Herrialde Katalanak), Scottish National Party (Eskozia), Plaid Cymru (Gales) eta aipatutako Spirit (Flandes) alderdiekin batera.

EAk berak lehengo igandean Laudion (Araba) Alkartasun Eguna ospatu zuen eta galdeketaren aldeko agiria sinatu zuten bere militanteek. Besteak beste, Begoña Errazti EAko presidente izandakoak eta Carlos Garaikoetxea EAko eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak.

EAJ, EA, EB eta Aralarrek "Euskadin" bakea eta normalkuntza politikoa lortzeko kontsulta beharrezkoa dela diote idatzian, eta "hurrengo hilabeteetan Europa eta nazioarte mailako foroetan ekimenak eta demandak" aurkeztuko dituztela jakinarazia dute. Ez dute zehaztu, ordea, Europa Batasuneko Giza Eskubideen Auzitegian Espainiako Estatuaren kontrako salaketa jarriko duten. Ibarretxek hala iragarri zuen irailaren hasieran, "pentsatzeko, adierazteko eta elkartzeko eskubideak urratzeagatik" (EAJ, EA eta EBk osatzen dute Jaurlaritza).

Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainaren 27an onartu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsulta egiteko Galdeketaren Legea (gehiengoa osoa lortzeko, EAJ, EA, EB eta Aralarren botoak ez ezik, EHAK-ko batena ere jaso zuen legeak), eta duela bi aste Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen. Aurtengo urriaren 25ean egitea egin nahi zuten galdeketa.

EAJk, berriz, igande honetan egingo du Alderdi Eguna, Gasteizen (Forondan), eta sinadurak biltzeko asmoa du. "Une egokia izango da, ehun mila lagun egongo direlako", esan zuen atzo Belen Greaves EAJko EBBko idazkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.