ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak

EAk «gatazkaren ondorioei» heltzeko deia egin die gobernuei

Urizarrek dio gatazkaren konponbide «integralak» bakarrik ekarriko duela bake iraunkorra

edurne begiristain
Gasteiz
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herrian hasi den «aro historikoak» arduraz aritzea eskatzen du, Eusko Alkartasunaren ustez. Eragile denek «malgutasunez» jokatzea ezinbestekoa da gatazka behin betiko konpon dadin, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak azaldu duenez. Haren hitzetan, ez dago aitzakiarik «estatuen geldikeriari» eusteko, eta, horregatik, dei egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei «gatazkaren ondorioei» behingoz hel diezaieten: «Ez dago inongo arrazoirik ez giza eskubideen arloan errepresio politikarekin jarraitzeko, ezta euskal gizarteak bere etorkizuna erabakiko duen prozesu politiko bati heltzeko ezezkoarekin jarraitzeko ere».

EAko zuzendaritza komunikabideen aurrera agertu da Gasteizen, ETAren jarduera armatuaren amaierari buruzko hausnarketa plazaratzeko. Urizarrek «ongietorria» eman dio Euskal Herrian zabaldutako aro politiko berriari, eta nabarmendu du «ilusioak, itxaropenak eta bereziki politikak» gidatuko dutela garai berri hau.

Gatazka politikoa behin betiko konpontzeko unean gaudela iritzi dio Urizarrek, eta aukera hori ezin dela «alferrik» galtzen utzi esan du. Konponbide horrek, baina, «integrala» izan behar duela ohartarazi du, horrela bakarrik lortuko delako bakea iraunkorra izatea. Indarkeriaren zikloa amaitu bada ere beste bat ireki dela esan du Urizarrek, eta aro horri «erantzukizunez» heldu behar zaiola gaineratu du.

EAko buruaren ustez, Gernikako Akordioak jasotako neurri guztiak betetzea «presazkoa eta beharrezkoa» da garai berri honetan: «Espetxe legea ez betetzeak inoiz ez du zentzurik izan, baina gaur zeharo onartezina da bai euskal presoen eskubideak ukatzea, bai buruzagi politikoak espetxean egotea».

Era berean, azken hamarkadetan Euskal Herrian oinazea eragin duten «indarkeria guztien biktimak» aintzat hartzea beharrezkotzat jo du EAko idazkari nagusiak. Azaldu duenez, gatazkaren amaierak biktima «guzti-guztien» aitortza eta erreparazioa ekarri behar du, eta «zauriak itxi eta zauri berriak ez direla irekiko» bermatu beharko du. Horrela egin ezean etorkizuna ezin izango dela eraiki uste du Urizarrek.

Orain prozesu politikoa aurrera eraman behar dela uste du Urizarrek, eta argi utzi du prozesu politikoa ez dela independentismoak independentismoarentzat eskatzen duen zerbait: «Prozesu politikoa demokrazian sakontzea da, euskal gizartea bere etorkizunaren jabe izan dadin betorik gabe eta inor baztertu gabe erabakitzeko».

Euskal Herrian ireki den abagune berriaren garrantzia nabarmendu du, azkenik: «Orain bai. Euskal Herriaren etorkizunari buruzko erabakia euskal gizartearen eta alderdi politikoen eskuetan dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.