Jaizkibel Bizirik talde ekologistak jakinarazi duenez, Pasaiako kanpoko portuaren (Gipuzkoa) inguruan informazio gehiago eskuratzeko Portu Agintaritzarengana joko du Stavros Dimas Europako Batasuneko Ingurumeneko goi komisarioak.
David Hammerstein Europako Parlamentuko Berdeen diputatuaren bidez Europako Batzordeari Jaizkibel babesteko zein neurri hartu diren galdetu zion Jaizkibel Bizirik-ek. Dimasen eskutik jaso zuten erantzuna eta, hark adierazi zuenez, gaiaren inguruan zekien informazio bakarra galdera horren bidez jasotakoa zen. Beraz, informazio gehiago biltzeko Pasaiako Portu Agintaritzarengana joko duela adierazi du Dimasek.
Jaizkibel Bizirik-ek gogorarazi du Pasaiako Portu Agintaritzak proiektua justifikatzeko Europako Batzordearen izena erabili duela. Beraz, talde ekologistaren aburuz, erantzun horrek "errealitatea bestelakoa" dela erakusten du. Portuko agintarien asmoa "proiektua ezkutatzea izan da, Europako Batzordearen eskuhartzea saihestuz".
Era berean, Pasaiako kanpo portua gelditzeko eskatu du Jaizkibel Bizirik-ek eta "eratu berri den Eusko Jaurlaritzari Jaizkibel mendia eta itsasertzaren benetako babesaren alde egiteko eta Pasaiako badia berritzeko bestelako alternatibak sortzeko" dei egin dio. Gainera, Jaizkibel babesten eta kanpo portuarekin egin nahi den "atentatu ekologikoa" salatzen jarraituko dutela jakinarazi dute talde ekologistako kideek.
Gizartea
EBko Ingurumeneko goi komisarioak Pasaiako kanpo portuaren inguruko informazioa eskatuko du
Jaizkibel Bizirik talde ekologistak salatu du Pasaiako (Gipuzkoa) Portu Agintaritzaren asmoa "proiektua ezkutatzea" izan dela, "Europako Batzordearen eskuhartzea saihestuz". Era berean, proiektua gelditzeko eskatu du eta Eusko Jaurlaritzari bestelako alternatibak sortzeko dei egin dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu