Ebola. Antropologiaren erantzuna. Almudena Mari Saez. Antropologoa

«Ebolak osasuna, heriotza eta konfiantza ikusteko moduak aldatuko ditu»

Antropologia ebola izurriteari aurre egiteko tresna gisa. Antropologia gaitzak eta beldurrak jotako herritarren eta osasun profesional arrotzen arteko bitartekari gisa. Antropologo baten esperientzia izurrite gunean, izurritea sortu berritan.

BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Ez da iparra galdu behar: ebola izurritea Afrikako hiru herrialdetan dago errotuta. Ginean, Liberian eta Sierra Leonan. Han ari da jokatzen ebolaren aurkako benetako drama. Almudena Mari Saez (Madril, 1976) borroka horren guztiaren lekuko zuzena izan da. Urteak egina da Afrika mendebaldean ikerketan, ugalketaren eta sexu osasunaren arloan. Ginean ari zen ebola agerraldia gertatu zenean, Berlingo Ospitale Unibertsitarioko Medikuntza Tropikalerako eta Nazioarteko Osasunerako Institutuaren proiektu batean. Ordura arteko lanak utzi, eta ebolaren kutsatze mekanismoei buruzko ikerketan murgildu zen. Maiatzean, gaitza geldiarazteko neurrien aurkako jarrerak ikertzen hasi zen. Londresen dago uztailetik. Handik erantzun die BERRIAren galderei.

Apirilean, Gineako agintariek izurrite egoera izendatu eta hiru astera, izurria agertu zen gunera joan zinen. Zer aurkitu zenuen?

Sierra Leonan eta Liberian gerra izan dute oraintsu arte. Bisitatu genuen mugaldeko gune batean, 25.000 errefuxiatu biltzen zituen eremu bat zegoen, eta animalia guztiak janak zituztela esaten ziguten han. Macentako ospitaleko zuzendaria eta langile zenbait martxoan hil ziren. Hiru hilabete joanak ziren ebolak Gueckedou eskualdeko Meliandoun lehen hildakoa eragin zuenetik. Izurrite honek arazo sozial asko uzten du agerian. Aspalditik ari ziren salatzen herrialdeotako osasun sistemaren ahuldadea eta osasun langileen prestaketa eskasa, eta halaxe ikusi da.

Aipatu duzun gerra osteko egoerak ez zuen asko lagunduko.

Ez, ez du lagundu. Bake akordioekin hori guztia gaindituta zegoela uste zen, baina ebolak argi utzi du jendea ez dela fio ez administrazio, ez erlijio, ez gobernuz kanpoko erakunde, ez inongo agintariz. Eta jendeak apirilean esaten zigun arroz uzta galdua zutela. Ebolak, ziurrenik, elikadura segurtasuneko arazo bat sortuko du. Sozialki ere, gerra baten ondorenaren modukoa utziko du. Erabateko deskonfiantza sortu du. Funtsean, beldur gaitz bat da.

Hori hasieratik izan da horrela?

Bai. Izurritea izendatu eta hiru astera, beldurra ziguten mendebaldarroi. Kanpadendekin joan eta herriko sarreran kanpatzeko baimena eskatu genuen. Bota egin nahi gintuzten. Mendebaldarrok birusa zabalduko ote genuen, horren beldur ziren. Beldur hura ikusi gabea nintzen.

Zein ekarpen egin dezakezue antropologoek halakoetan?

Lehendabiziko ebola izurrietan ez zen antropologorik aritu, baina konturatu ziren arlo medikoa ezin zutela landu jendeak kontrakotasun gogorra agertzen zuelako medikuen esku-hartzeen inguruan. Esku-hartze sozial eta kulturalik gabe ezin da gelditu ebola izurria. Horregatik, OMEk [Osasunaren Mundu Erakundea] eta MSFk [Mugarik Gabeko Medikuak] antropologoak daramatzate beren taldeetan 2000tik.

Ebola jendeak ezagutzen ez duen gaitz bat da. Aldaketak eskatzen ditu egunerokoan, eta gaitza ulertzen ez duzunean zaila da aldaketok egitea.

Nola erantzun du jendeak ohiturak aldatu behar dituela esan zaionean?

Maiatzean, Gineako Osasun Ministerioak berarentzako lana egiteko eskatu zidanean, oso agerikoak ziren esku-hartze taldeen aurkako jarrerak. Matthias Borchert mediku epidemiologoarekin —nire koordinatzailea da Berlingo Unibertsitateko lan taldean— joan nintzen jarrera horiei aurre egiteko moduen bila.

Esaterako?

Gehien aipatutako aldaketetako bat hileta errituena da. Ginean, adibidez, kisiek oso harreman estua dute hildakoekin. Hil berria musukatu, besarkatu, garbitu, agurtu egiten dute taldean. Hori bat-batean puskatzea... Hau guztia izurriak iraun bitartean bakarrik aldatuko dela esatea jasangarriagoa litzateke haientzat.

Heriotzaren arlo sozialaz ari zara.

Bai. Arlo fisikoan indar asko jarri da, baina inork ez dio doluari erreparatu. Maite duzun norbaitengandik bat-batean apartatu behar hori... Gaitz hau oso doilorra da. Etxe bereko kide asko epe laburrean hiltzen ditu. Eta ekonomia etxeko nekazaritzan dago oinarrituta. Munduko mediku eta traje guztiak bidalita ere, komunitatearen parte hartze aktiborik gabe, ezin duzu geldiarazi gaitza. Eta beldurra humanoa da.

Baita izurritearen kontra lan egitera joan zaretenengan ere.

Noski. Oso garbi daukazu zer ez duzun egin behar: ezin duzu jendea ukitu; oso tarte laburra egin behar duzu herrietan; ezin duzu ez jatekorik ez edatekorik onartu. Zenbaitetan oso arraro sentitzen zara. Ume bat lasterka datorkizu, eta ez dakizu zer egin, ezin duzulako beso zabalik hartu. Handik bueltan, %99 ziur nengoen ez neukala ebolarik. %1eko ziurgabetasunak birusaren 21 eguneko inkubazio epea iraun zidan.

Informazioa oso garrantzitsua da ezjakintasuna gainditzeko. Nola kudeatu da hori?

Izurrite izendapenarekin bat zabaldutako lehendabiziko albisteak ebolaren aurkako sendabiderik ezarenak izan ziren. Hori da arazoa. Jendeak esan zuen: «Mendebaldarrek sendabiderik ez badute, zertarako joango gara ospitalera?». Horrela hasi zen zurrumurru mekanismoa. «Suntsitu egin nahi gaituzue. Ospitalera garamatzazue, akabatzen gaituzue, atzera ireki ezin diren poltsa beltzetan sartzen gaituzue eta ospitalera joandako denak poltsa horietan bueltatzen dira, hilda». Baldintza horietan, zaila da konfiantza lantzea.

Zer mezu eman behar litzaioke jendeari izurri guneetan?

Sintomak tratatzeko modua dagoela eta zenbat eta azkarrago joan ospitalera, orduan eta aukera gehiago dagoela bizia salbatzeko. Halako mezurik zabaldu ez zenez, zalantza asko zegoen. Hango jende askok lagundu du erantzunok baretzen, baina duela bizpahiru aste kazetari talde batekoak akabatu zituzten. Mesfidantzaren logikak hor segitzen du.

Noiz sentitu zara estutuen?

Komunitateen arbuioa lantzera joan ginenean. Erantzun magiko bat espero zutela sentitzen nuen. Bertakoak ere gaindituta-edo zeuden. Horrek asko harritu ninduen. Komunitate bateko buruzagiak lasai joateko esanez deitzen zuen, baina lantaldeek harako bidea enborrekin moztuta aurkitzen zuten, eta enborren atzean jendea, aurrera ez egiteko esaka, mehatxuka. Komunitatean agintzeko zilegitasuna zeukan pertsona aurkitu behar genuen. Eta denbora beti aurrera. Hirietan desberdina da: informazioa askoz bizkorrago hedatzen da, eta harreman sozialak ez dira berdinak.

Emakumeak al dira izurrite honen biktima nagusiak?

Lehendabiziko 11 kasuetatik bederatzi emakumeak ziren. Neuk ikusi nituen. Oso eskala txikia da, baina emakumeak bederatzi ziren haiek arduratzen direlako erditzeez eta gaixoen zainketaz. Osasun etxeetan, emaginak eta erizainak emakume dira. Hau hasi baino lehenago esana zeukan OMEk emakume gehiago hiltzen zirela eta horretara egokitu beharra zegoela. Ebolak hainbesteko beldurra eragiten du, transmisioa eteten eta gaixoak bakartzen halako indarra jartzen da hasieran... inori ez zaio bururatzen emakumeei mezu berezi bat bidaltzea, zaintzaileak beraiek direla eta arrisku handiagoa dutela esateko.

Nola irudikatzen duzu ebola osteko Afrikaren zati hori?

Batzuen ustez, ebola gaitz endemikoa bihurtuko da. Ikusi beharko. OMEk sei eta bederatzi hilabeteko izurritea aurreikusi zuen. Seguruenik, abenduan bueltatuko naiz, eta gerra osteko gune moduko bat irudikatzen dut. Traumaren etnografia-edo egingo dut jendea elkarrizketatuz. Gaitzak osasuna, osasun sistema, heriotza eta konfiantza ikusteko moduak aldatuko ditu. Asko.

Europara ere hasi dira aldatzen Afrikan kutsatutakoak. Espero al zenuen hemen gertatzen ari den zenbait erantzun ikustea?

Hemen ere, ezezagunak beldurra sortzen du. Espainiar misiolariak Madrilgo Carlos III ospitalera aldatu zituztenean, harritu egin ninduen haiek artatzera Afrikara joan ez izanak, ebola kasurik ezagutu gabeko eta horretarako prestatu gabeko ospitale batera aldatzeak.

Carlos III ospitalean gertatu da, bada, Europako lehen kutsatzea. Kutsatuari leporatu diote.

Harrituta nago. Beste toki batzuetan ia bi asteko prestakuntza jasotzen dute, eta pertsona horri hogei minutuko ikastaroa eman zioten. Arazo bakarra ez da traje babesgarria janztea. Traje hori behar bezala eranztea ere oso garrantzitsua da. Sierra Leonan bideo bat egin zuten: halako trajea eranzten zuen pertsona bat ageri zen, eta etengabe desinfektatzen zuen beste bat ere bai. Eta Espainian erabilitako traje horiek ikusten dituzu... Ez da txantxetakoa, oso-oso gaitz arriskutsua da. 4.000 dira dagoeneko hilak, eta serio aztertu behar da prebentzioa egin eta gaitzari aurre egiteko gauza zaren ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.