Ebolaz kutsatu da Madrilen eri bat zaindu zuen erizaina

Protokoloetan okerren bat egon dela bistan geratu da, baina ministroak ez du azalpenik eman.Gaixoak bizitza normala egin du azken asteetan

Espainiako osasun arduradunak, Ana Mato ministroa buru dutela, atzo iluntzean egindako agerraldian. BALLESTEROS / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko urriaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Afrikako mugak igaro ditu ebolaren izurriteak: erizain bat kutsatu da Madrilen. Afrikan gaitzak jo eta Espainiaratu zuten misiolari bat zaintzen aritu zen erizaina, eta ziurtzat jo dute hortik kutsatu dela. Espainian orain arte bi erlijioso zendu dira ebolak jota, biak ere Afrikan kutsatuak. Kontinente horretatik kanpo ebola gaitza harrapatu duen lehena da Madrilgo erizain hori. Espainiako Osasun Ministerioaren jarduna ezbaian geratu da erabat: behin eta berriro hitzeman du kutsatzeko arriskurik ez dagoela, ziurrak direla ospitaleak eta zainduta dauzkatela beharginak. Kasuaren berri izanda ere, diskurtso horrixe eutsi dio.

Arratsalde erdian eman zuten kasu horren berri atzo, baina egunak dira erizaina ondoezik dagoela. Manuel Garcia Viejo misiolaria zaintzen aritu zen; irailaren 26an hil zen hura, eta hurrengo egunean jaiegunak hartu zituen erizainak. Hiru egunen buruan, ordea, lan arriskuetako zerbitzura deitu zuen, esanez sukarrarekin zegoela. Aparteko neurririk hartzeko ez zioten agindu, hala ere. Atzo ospitaleratu zuten, okerrera egin eta.

Egoera ikusita, azterketak egin zizkioten, bi bider. Eta biek baieztatu dute ebolak kutsatuta dagoela. «Egonkor» dagoela adierazi dute Madrilgo erkidegoko osasun arduradunek, nahiz aitortu duten sukarra ez zaiola jaitsi. Kontuan izatekoa da ebolaren hilkortasuna bereziki handia dela. Espainian, hil egin dira kutsatutako bi gizonak; Afrikan 3.400 pertsona baino gehiago zendu dira. Ari dira probatzen sendagai batzuk, baina eraginkortasuna ez dago frogatua.

Ministroaren isiltasuna

Kasuaren berri jakinda, Osasun Ministerioak presazko agerraldia egin zuen atzo iluntzean. Ana Mato ministroa buru, mahai bete arduradun atera ziren kazetarien aurrera. Azalpenak eskas izan ziren, baina. Mato ministroak bizkar eman zien kazetarien galderei —kargua uzteko asmorik ba duen galdetu zioten, baina erantzun ere ez zuen egin—, eta gainerako arduradunak ezinean aritu ziren azalpenak emateko. Antonio Alemany Madrilgo Oinarrizko Osasun Zerbitzuko buruak eman zituen datu bakan batzuk: 44 urteko andrazkoa dela, eta azken egunetan ohiko bizitza egin duela.

Kutsatzeko arriskua txikia dela nabarmendu dute osasun arduradunek, baina aitortu dute erizainarekin neurririk hartu ez izanak arriskua sor dezakeela. Senarra zaintzapean jarri dute, eta inguruko 30 bat lagun ere bai. Ebola harrapatzeko, zuzeneko kontaktua behar da izan gaixoarekin. Horregatik da agerikoa Osasun Ministerioaren protokoloek huts egin dutela. Erizaina bi alditan sartu zen Garcia Viejo misiolariaren gelara: bizirik zegoela behin, eta hil ondoren beste behin. Ustez ondo babestuta zegoen, eta hurrengo egunetan aldika-aldika aztertu zuten sukarrik ba ote zuen.

Azalpenik ez dute osasun arduradunek ere. Alemany: «Ez dakigu zerk huts egin duen. Aztertzen ari gara infekzioaren mekanismoa». Carlos III.a ospitaleko langilea da kutsatutako erizaina, eta hara eramatekoa dute. Infekzioetan espezializatutako erietxea da.

Euskal Herrian kasu susmagarri bat aztertzen ari dira. Bilbon erietxeratuta dago 31 urteko andre bat. Nigeriatik iritsi berria da, eta sukarra du. Egonkor dagoela azaldu dute. Kasu susmagarriak agertu dira lehen ere, baina ebolak kutsaturik ez da izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.