Santa Maria de Garoñako zentrala (Burgos, Espainia) egingo dizkioten azterketa guztiak gainditzeko prest dagoela adierazi du zentraleko zuzendari nagusi Martin Regañok. «Baimena luzatzeko egin genituen berrikuntzen ostean, edozein kontrol gainditzeko moduan gaude, bai segurtasunari lotutakoak, eta bai funtzionamenduari lotutakoak». Japoniako hondamendiaren ostean, segurtasun nuklearraren inguruan sortutako eztabaidaren karietara, «lasaitasunez eta zorroztasunez» jokatzeko eskatu du.
Herenegun Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok iragarri zuen zentral nuklearren segurtasuna ikuskatzeko agindu ziola Espainiakok Segurtasun Nuklearreko Batzordeari (CSN). «Bestelako neurriren bat hartu behar ez dela ziurtatu nahi dugu, egungoekin nahikoa dela», adierazi zuen Zapaterok. Garoñako arduradunek lasaitasunez hartu dute iragarpena, zentrala azterketa horiek gainditzeko prest dagoela uste baitute.
Regañok hitzaldia eman zuen atzo Burgosko Unibertsitatean, eta bertan azaldu zuen Garoñak lurrikaren, haizeteen, uholdeen, suteen eta argindar mozketen aurkako segurtasun neurriak dituela. «Kokapenaren arabera zentral bakoitzak bere neurriak ditu».
Garoñaren kasuan, Regañok jakinarazitakoaren arabera, legeak agindu baino sei aldiz gaitasun edo erresistentzia handiagoa du lurrikaren aurrean. Gainera, nabarmendu du 145 eta 195 kilometro arteko haizeteak jasateko prest dagoela. «Giltzarriak diren gune batzuetan, tximinian, adibidez, 230 kilometro orduko haizeteak jasan ditzake».
Halaber, azaldu du, «zentralen %90ek bezala», ur arineko teknologia erabiltzen dutela. «Arriskuentzako aplikatzen ditugun prozedurak Ameriketako Estatu Batuetako zentraletako ia berdinak dira».
Bruselaren azterketak
Hori horrela izan arren, Regañok aitortu du Japonian gertatutakoaren ondorioz «berraztertu» egin beharko dela Europako zentralen segurtasuna. «Baina zuhurtziaz jokatu behar da Fukushiman gertatzen ari dena aztertzeko orduan. Datuak eta informazioa jaso arte ezin da ondoriorik atera».
Ondorio horietara itxaron gabe, Europako Batasunak (EB) iragarria du erresistentzia probak egingo dituela EBko 27 herrialdeetako zentral nuklearretan. Tsunamiak eta lurrikarak jasateko prest daudela ziurtatu nahi dute. Europako Energia komisario Gunther Oettingerrek uste du zentral guztiek ez dituztela gaindituko azterketa horiek. Oettingerrek horiek egiteko beharra defendatu du. «Arrisku gutziak berraztertu behar ditugu, eta emaitza zorrotzak eskatu».
Egun143 erreaktore daude martxan EBko 27 herrialdeetan, horietatik 58 Frantzian. Oettingerrek emandako datuen arabera, Frantzian ekoizten den energiaren %80 inguru nuklearra da.Frantziako Atzerri ministro Alain Juppek esana du ez dutela energia mota hori ekoizten jarraitzeari uko egingo.
Lurrikara Japonian. Energia nuklearrari buruzko eztabaida
«Edozein azterketa gainditzeko moduan dago Garoña»
Zentraleko zuzendari nagusi Martin Regañok zuhurtziaz jokatzeko eskatu du segurtasun nuklearraren eztabaidan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu