Estradizioak

Eduardo Plagaro eta Gorka Perea gasteiztarrak estraditatu egingo ditu Kanadak

Quebecen babes politikoa eskatu zuten euskal herritar biak —Eduardo Plagaro eta Gorka Perea gasteiztarrak— Espainiara estraditatuko ditu Kanadako Gobernuak. Hala jakinarazi dio Irwin Cotler Kanadako Justizia ministroak Juan Fernando Lopez Aguilar Espainiakoari. 1997an urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazioalak Plagarori eta 6koa Pereari, zenbait kale eraso egotzita. Batak zein besteak, torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta zigortu zituztela salatu zuten, ihes egin, eta babes politikoa eskatu zuten Quebecen. Auzibide luzearen ondoren estradizioa aurrera eramatea ebatzi du Kanadak. Abokatuen arabera, igandean eramango dituzte Espainiara.

2005eko ekainaren 1a
16:02
Entzun
Plagaro eta Perea 1993an atxilotu zituzten Espainiako Poliziak eta 1997an ezarri zien zigorra Auzitegi Nazionalak. Behin-behineko askatasunean zirela, Quebecera ihes egin zuten eta han babes politikoa eskatu zuten. Atxilotze aldian torturatu egin zituztela salatu zuten biek, eta torturapeko deklarazio horietan oinarrituta zigortu zituztela.

1997ko abenduan hasi zen Quebecen gasteiztar biei babes politikoa eman edo ez erabakitzeko auzibidea. 2001ean Kanadako Justizia Ministerioak prozesu hori eten eta espetxeratu egin zituen gazte biak, Espainiak estradizioa eskatu zuela-eta.

2003ko irailean estradizioaren alde agertu zen Kanadako Justizia ministroa eta gazte biek Montrealgo Helegite Auzitegira jo zuten. Urte hartako urrian, berriz, aske utzi zituzten behin-behinekoz. Urte eta erdi beranduago estradizioaren aldeko erabakia hartu zuen Montrealgo auzitegiak, eta gazte biak berriro espetxeratu zituzten.

Tarte horretan Pereak istripu larria izan zuen bizikletan —koman egon zen—, eta gaixorik zegoela-eta berriro aske utzi zuten.

Gazte bien abokatuek BERRIA-ri agertu diotenez, seguruenera igandean eramango dituzte Espainiara Plagaro eta Perea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.