Edurne Egino zinegotziak ez du prozesioan parte hartu

'Sanfermintza' saioan elkarrizketa egin diote. Gaurtik ostiralera, BERRIAk Euskalerria Irratiaren 'Sanfermintza' saioa emango du egunero Zaldi Zuritik, 12:00etatik 14:00etara. Bideoa: Gaurko 'Sanfermintza' saioa (BerriaTB).

2014ko uztailaren 7a
15:54
Entzun

Edurne Egino Iruñeko Udaleko zinegotzia elkarrizketatu dute Sanfermintza irratsaioan. Eginok aurtengo prozesioan ez parte hartzea erabaki du, legealdi osoan egin duen bezala. Bertan parte hartzeko beharrezkoa den 3.000 euroko jantzia ez egitea erabaki zuen, eta, horrez gain, "prozesioa ekintza katolikoa" dela eta, ez du parte hartzen. Udalaren aurretik pasatzen den neurrian ulertuko luke "alkatea agurtzera ateratzea, baina ez, alkateak bertan du ofizialki parte hartzea".

Zinegotzi bezala parte hartzen duen beste ekintza txupinazoa da. Jaien hasiera lasaia izan da aurtengoa, eta "poztekoa" dela esan du. Ikurrinaren aferari buruz esan du jendeak kalean gainditu duela "udalean gainditu ez den arazo bat. Gehiengoak erabakitzen duena ez du errespetatzen udalak, baina kalean jendeak bai".

Ondoren, Gora Iruñea taldeko Xabi Garzia eta Arkaitz Otazu izan dira Zaldi Zuriko estudioan. Nabarmendu dute Arrotxapeko jai guneaz gain 300 ekitadi baino gehiago daudela aurten herri mugimenduak osatutako programan.

Historian arakatzen

Roldan Jimeno historialaria izan da gaurko beste gonbidatuetako bat. Hark azaldu du San Fermin ez zela benetan existitu, Amiensen asmatu zuten kondaira bat dela eta ordutik hemen gurtzen dela. Amienseko kondairak dio San Saturnino Nafarroara etorri zela, bertako baskoi paganoak kristautzera. Lehenengo kristautu eta bataiatu zituenak San Fermin eta bere familia izan omen ziren; horregatik, Iruñeko lehen apezpiku izendatu zuten. Bertako biztanle guztiak kristautu ondoren, iparralderantz ekin zuen Galia kristautzera. Amiensera heldu zenean, bertako botere idolatrikoek burua moztu zioten.  XII. Mendean, Iruñeko apezpikua enteratu zen Amiensen gurtzen zutela, eta erlikia bat ekarri zuten.

Beste historialari bat ere izan da gaurko irratsaioan, Iban Jimenez. Berak azalpenak eman ditu sanferminetako bi tradizio garrantzitsuri buruz; zuriz janzteko ohituraz eta txupinazoaz. Errepublika garaitik datozen tradizioak dira, baina, Jimenezen iritziko, gaur egun zentzua erabat aldatua dute.

Mikel Lasarte eta Martin Juanena, berriz, ganadu feriaz eta herri kirolez aritu dira: huts egin ezinezkoa da bientzat ganadu feria; kalitatean garai batekoa ez bada ere, aspaldiko tradizioa da sanferminetan. Bihartik aurrera, herri kirol jaialdiak izango dira; esku pilota feria ere martxan da, eta jendetza batuko du Labriten.

Ene Kantak proiektua

Ene Kantak proiektuko Nerea Urbizu ere elkarrizketatu dute; Euskalerria irratiaren aldeko proiektua da Ene Kantak, haurrentzat eginikoa. Urrian argitaratuko da diskoa, eta erosteko moduan egongo da, baina, gaur bertan, zuzenean izango da 18:30ean, Oinez txokoan.

Maialen Huarte eta Pello Argiñanera aurkezleek beren unetxoa zein izan den azaldu dute: San Fermin eguneko prozesioa izaten da festetako une garrantzitsuenetako bat; gaur, gainera, saioan hizpide izango da. Eguneko agendari errepasoa eman eta entzierroaren kronika egin du Saioa Alkaizak. Iker Tubia BERRIAko kazetaria izan da lehen gonbidatua, eta, telefonoz konexioa eginda, erraldoien berri eman du Josetxo Arangurenek.

Urtero bezala, BERRIAk eta Euskalerria irratiak bat egingo dute aurten, eta gaurtik ostiralera BerriaTBko kamerei esker Sanfermintza irrati saioa zuzenean ikusi ahal izango da bideoan, BERRIAren webgunean eta Euskalerria irratiarenean. Saioa egunero Zaldi Zuritik emitituko da, 12:00etatik 14:00etara iraungo du, eta Pello Argiñarenak eta Maialen Huartek aurkeztuko dute. Kameren atzean egongo da Ander Gartzia, BerriaTBko bideogilea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.