Goiz-goizetik nabari zen jendea bertso gosez eta bertsolariei animoak emateko gogoz zegoela. Giroa aparta izan da BECen, nahiz eta goiz eta arratsalde, saioa luzea izan. Baina entzuleak ez ziren nekatu, eta txalo zarta gogorrekin lagundu zuten etengabe saio guztia.
Goizean zein arratsaldean bertso zein bertsoaldi bikainak entzun ziren, baina, azkenean, berriro ere, Andoni Egaña nabarmendu zen guztien gainetik, eta hark jantzi zuen txapela, laugarrenez.
Iturriaga izan zen txapeldunorde. Hain justu, txapelketako azken zatia bi bertsolarik buruz buru jokatzen dute, eta atal horretarako Egaña eta Iturriaga sailkatu ziren epaimahaiak egun osoko saioetan zehar emandako puntuen arabera. Buruz burukoan ederki aritu ziren biak, baina, beharbada, uneren batean hainbeste orduko bertso jardunaren nekea sumatu zitzaien.
Hirugarren, berriz, duela lau urte txapeldunorde izan zen Maialen Lujanbio izan zen. Harekin puntuetan parekatuta Amets Arzallus laugarren; Igor Elortza bosgarren; Sustrai Colina seigarren; eta haien atzetik Aitor Mendiluze eta Jon Maia zazpigarren eta zortzigarren haiek ere puntuetan berdinduta.
Une hunkigarri asko bizi izan ziren saioan zehar, batik bat, amaieran, emaitzak zabaldu eta sariak banatzeko unea iritsi zenean. Esate baterako, ederra izan zen bertso eskolen ordezkari Euskal Herriko zazpi probintzietako bertsolari gaztetxoek elkarrekin josi zuten bertsoa; polita izan zen Aitor Mendiluzek etxean bizi izan dituzten haur-galtzeei buruz oholtza gainetik egin zuen aitortza; Arzallusek eta Iturriagak presoei egindako aipamenek ere txalo zarta ozenak jaso zituzten. Egañaren agurreko bertsoak, berriz, gori-gori jarri zuen giroa: bere amari eta gainerako finalista guztien amei eskaini zien txapela.
Informazio zehatzagoa Bertsozale Elkartearen orrian.
Egaña laugarrenez txapeldun eta Iturriaga txapeldunorde
Finalera sailkatutako beste zazpi bertsolarietatik inork ez zuen lortu atzo ere Andoni Egaña bertsolari handiari txapela kentzea: laugarrenez, zarauztarrak irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Unai Iturriaga izan zuen finalean aurkari gogorrena, eta harekin neurtu zen arratsaldeko saioan buruz burukoan. Nolanahi ere, bertsolari guztiak aritu ziren finaleko saio luzean zehar fin, eta batzuek zein besteek ale eta bertsoaldi ederrak utzi zituzten. Halaber, Barakaldoko (Bizkaia) BEC aretoan bildu diren 13.000 lagunek sortu zuten giroa itzela izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu