«Argazki batek ez dit deus esaten pertsona bati buruz, baina memoria dugu». Hala eman diote bide Mikel Zabalza nor zen azaltzen duen bideoari haren ingurukoek, gaur, Aurizko (Nafarroa) kultur etxean egin dioten omenaldian. Zabalza duela 35 urte hil zen, Guardia Zibilaren esku. 1985eko azaroaren 26an atxilotu, eta «desagertutzat» jo zuten biharamunean, eta handik hogei egunera, hilik agertu zen Bidasoan. Gaur, gogorarazi dute aitortzeke daudela Zabalzak jasandako torturak, eta elkarbizitzarako beharrezkoa dela hori egitea.
Ekitaldian, antzerki baten bidez, Zabalzaren gertukoek oholtzatik salatu dute «hilketa eta tortura estaltzen saiatu» direla urte horietan guztietan, duela 35 urteko albisteak pantailan agertzen ziren bitartean. «Tortura errealitate bat da», azaldu dute, poltsa bat eskuetan: «Plastiko horrek min handia eragiten du». Irune Costak eta Begoña Garaikoetxeak egin dute antzerkia. Torturaz jardun du Mikel Sotok ere, poesiaren bidez.
Azpimarratu dute ezinbestekoa dela gertatutakoa aitortzea: «Oroitzapenek ere idazten dute historia, gehienbat ezkutatu nahi diren horiena». Gehitu dute ez dela gauza bera ezkutatzea edo gordetzea, eta gaurko ekitaldia «egiaren, justiziaren eta erreparazioaren hasiera izan dadila» eskatu dute.
Jarraian, Mikel Gogoan Herri Ekimeneko Eneko Villegasek hartu du hitza: «Denok dugu argi: Mikel ez zuten Bidasoko urek hil, Intxaurrondoko bainera bateko urek baizik. Errelatoaren parte da Mikel». Gertukoek egin bezala, egia, justizia eta ordaina eskatu ditu, torturatu guztientzat; «elkartasuna eta besarkadarik beroenak» ere bidali dizkie haiei. Elkarbizitzarako egia argitara ateratzea beharrezkoa dela esanez bukatu du hitzaldia, eta txalo zaparrada eskaini dio Aurizko kultur etxean bildutako publikoak.
Bihar, auto karabana
Urtero egiten diote omenaldia Zabalzari, baina aurten, nola ez, koronabirusaren pandemiak eragin dio horri ere; aurtengo egitaraua egokitu behar izan dute Mikel Gogoan Herri Ekimeneko kideek, osasun protokoloak betetzeko. Ondorioz, bi zatitan banatu dute omenaldia: batetik, gaur egin dute ekitaldi nagusia, eta, bestetik, bihar lore eskaintza izango da Zabalzaren sortetxearen aurreko monolitoan; autoz egingo dute.
Biharkoa ez da ohiko lore eskaintza izango, auto karabana egitera deitu baitituzte herritarrak, jendea pilatu ez dadin. Asmoa da jendea autoz hurbiltzea Orbaizetako olara. Antolatzaileek nabarmendu dute «Orbaizetako 1985eko gazteek» eman dietela lore eskaintza egokitzeko ideia, gazte horiek antzekoa egin zutelako 1985eko abenduaren 18an, Mikel Zabalza lurperatu zuten egunean. «Antolatu gabe, eta bat-bateko omenaldi gisa, traktore eta auto anitz atera ziren egun hartan bailarako errepideetara; familiari elkartasuna agertzeko, Zabalzatarren etxe aurretik pasatu ziren», azaldu dute Mikel Gogoan Herri Ekimeneko kideek. Egun hartako espirituari helduko diote biharko ekitaldian.