Zapalkuntza eta konfrontazio egoera batetik bakean eta askatasunean oinarrituko den elkarbizitza batera eramango duen konponbide demokratikoa eskatu dute estatu indarkeriak eragindako biktimek. «Injustizia eta atsekabea etorkizunean errepika ez daitezen, bermeak eskatzeko prest gaude», azaldu zuen Karmele Galdeano biktimak. Atzo egin zuten lehen agerraldia estatu indarkeriak hildako 22 pertsonaren familiartekoek, «herri honi egia osoa» zor zaiola esateko.
Egiaren osotasun hori eskatzeko, gatazkaren bi aldeetako sufrimendua onartu dute lehenbiziko. «Sekula ez zaizkigu oharkabean igaro», adierazi du Galdeanok, eta gehitu: «Beste aldekoen dolua eta samina ez dugu ukatuko». Eta borroka armatuak eragindako oinazea ere ez dute ahaztu estatu indarkeriak eragindako biktimek. Gatazka sortu zuten arrazoiak adosteko garaian adostasunik lortuko ez badute ere, «minak parekatzen» dituztela adierazi dute. Izan ere, senide edo lagun minak galdu izana ez zaie «arrotza egiten», Galdeanoren hitzetan, alde bakoitzekoek historia eta bizipenen gaineko bertsioak era ezberdinean egiten badituzte ere.
Hori dela eta, adierazi dute benetako elkarbizitzaren oinarria besteenganako onarpenean datzala; «ezberdinen eta baita kontrakoen artekoen artean ere», Galdeanok adierazi duenez. Horregatik, azpimarratu dute «aurkako ikuspegien zilegitasuna» onartu behar dela, «pentsamendu ezberdinen arteko etorkizuneko elkarbizitzaren funtsa» zentzu horretan hasiko dela nabarmenduz.
Horregatik guztiagatik, egia osoa aitortu behar dela adierazi dute estatu indarkeriak eragindako biktimek. «Denok dakigu zeintzuk izan diren ETAk egin izan dituen ekintzak. Begirunea zor zaio haren indarkeria, zuzen edo zeharka, pairatu duen edozein pertsonari», azaldu du Galdeanok. Era berean, ordea, salatu dute Espainiak eta Frantziak oriandik ez dituztela euren ardurak aitortu: «Legediaren barruan zein kanpoan erabili duten bortizkeria onartu gabe jarraitzen baitute gaur egun».
Horren haritik, adierazi dute alde bakarreko kontakizuna «bidegabea» dela. Estatuaren biolentziak eragin dituen ondorioak «estali eta ukatzen diren bitartean, ETAri berak sortutako biktimen eta kalteen onarpena eskatzea zilegi ez izateaz gain, guztiz desegokia baita», Galdeanok 22 biktimen izenean adierazi duenez.
Herritarren protagonismoa
Askatasun indibidual eta kolektiboetan oinarritutako bakea lortzeko, aurrez aurre egon izan diren pertsonen arteko harremanek jokaleku berrian parte hartu behar dutela adierazi dute estatu indarkeriaren biktimek. Eta, horretarako, elkarbizitza daukate helmugatzat; «nahiz eta ez den erraza izango, jendartean sorturiko lubakiak eta zauri marrak ez baitira ziztu bizian desagertuko», Galdeanok adierazi duenez.
Elkarbizitza horretan biktimen elkarteek, haiena bezalako taldeek eta bestelako eragile sozialek eginkizun garrantzitsua daukatela adierazi zuten, «eraikitzailea izan beharko baitu, eta ez oztopoak sortzearen aldekoa eta oinazean finkatutakoa». Baina biktimek zeresana izango badute ere, protagonismo nagusia herritarrena dela azpimarratu nahi izan dute. «Gizarteak, haien ordezkari legitimoekin batera, elkarbizitza eta gatazkaren gakoak finkatu eta garatu beharko ditu».
Deialdia biktima gehiagori
Lehen agerraldian, estatu indarkeriak hildako 22 pertsonaren familiartekoek deialdi berezi bat egin zieten euren moduan sentitzen direnei: «Guk bezala estatuaren indarkeriaren ondorioz senide bat galdu, tortura pairatu edo indarkeria poliziala zein parapoliziala jasan duten pertsonei», milaka pertsona horien errealitate eta bizipenak argitara ateratzeko. Izan ere, egia eskatzeko garaia dela adierazi dute, «oraindik dirauen indarkeriaren desagerpena eskatzeko sasoia».
Edozein modutan, deialdi hori egiteak ez du esan nahi elkarte bat sortuko dutenik. «Ez dakigu oraindik; lehen agerraldia da honako hau, eta ikusiko dugu zertan amaitzen den guztia», Galdeanok adierazi duenez.
Aurrerantzean emango dituzten pausoak finkatzeko baldin badauzkate ere, atzoko agerraldian egin zuten urratsa «ekarpen xume» moduan definitu zuten. «Gehien maite genituen pertsonek gogo biziz eskatuko zigutena». Era horretan, aurrera begirako jarrera izatea garrantzitsua dela uste dute, irabazle eta galtzaileen diskurtsoetatik ihes eginez. «Irabazle bakarrak gaurko haurrak, gureak eta besteenak izango diren egoera bat, injustiziarik gabeko Euskal Herrian». Hori baino justizia eta erreparazio handiagorik ez dute eskatzen estatu indarkeriaren biktimek. Eta horren alde lan egingo dute etorkizunean.
Egia osoa eta konponbide demokratikoa eskatu dute estatu indarkeriaren biktimek
Bi aldeetako sufrimendua onartu dute; «beste aldekoen dolua eta samina ez dugu ukatuko», adierazi dute biktimekElkarbizitza bidean biktimen lana aipatu badute ere, herritarrei eman diete garrantzia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu