Bakea eta bizikidetza

"Egia poliedrikoa" eraikitzeko gomendio sorta aurkeztu du Foro Sozialak

Iraganari buruzko kontakizuna "guda eremu" ez bihurtzeko eskatu du. Besteak beste, Egiaren Batzorde batek izan beharreko oinarriei buruzko "eztabaida soziala" sustatzera deitu du, eta gatazkaren "arrazoiak" aztertzeko Batzorde Historiko bat sortzea proposatu du.

V. Foro Sozialaren ondorioak aurkezteko gaurko agerraldia, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
2018ko abenduaren 1a
07:02
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak joan den urrian egin zuen V. Foro Sozialetik atera dituen ondorioak argitara atera ditu gaur, Gasteizen egin duen prentsaurrekoan. Egia jakiteko eskubidea: biktimen aitorta eta erreparaziorako mekanismoak izenburua zuen jardunaldia egin zuen urriaren 5ean eta 6an, eta mahaigaineratu ziren ideietan oinarritu du plazaratu duen hausnarketa. Euskal Herriko gatazkaren "egia osoa" ezagutaraztearen garrantzia nabarmendu du foroak. Horretarako, hainbat gomendio aurkeztu ditu.

Adierazi duenez, "gertatu den ororen egia ezagutzea" biktimen oinarrizko eskubidea da, eta ezinbesteko baldintza da haien erreparaziorako. Baina, horrez gain, "jasandako tragedia" berriro ez gertatzeko "bermea" ere badela ohartarazi du.

Foro Sozialaren iritziz, egia horrek "poliedrikoa" izan behar du, eta "egia ezberdinen bidez, iraganari buruzko ikuspuntu, arrazoi eta ondorio anitzak aintzat hartuta" eraiki behar da. Iraganari buruzko kontakizun hori "guda eremu" ez bihurtzearen garrantzia nabarmendu dute, halaber. "Egia anitzak eraikitzeko espazioa behar du izan, gizarte gisara libre izan gaitezen". Bide horretan, ezinbestekotzat jo dute "lengoaia berneratzaile berri bat" erabiltzea, "hitza armagabetzeko".

Egia osoa azaleratzeko lanak "prozesu bat" izan behar duela gaineratu du foroak. Prozesu hori, egia ezagutaraztearekin batera, gizarteko "zauriak sendatzeko ere baliagarri" izango dela adierazi du. "Uste dugu garrantzi maila bera duela egiten dugunak eta egiteko moduek".

Alde anitzeko egia eraikitze aldera, hainbat gomendio eman ditu Foro Sozialak. Azaldu duenez, egokia litzateke "sufrimenduaren kartografia" osatzeko lanean sakontzea, genero ikuspegiari eta adinari arreta berezia jarriz. Halaber, "sufrimendu guztien aitortza ofizial eta instituzionala" sustatzera deitu ditu erakundeak. Foroak garrantzia aitortu dio "herri mailatik" egia berreskuratzeko egin diren eta martxan jar daitezkeen ekinaldiei ere. Horrez gain, iraganari buruzko informazioa berreskuratzea errazteko neurriak galdegin ditu; erakundeetako artxiboak zabaltzea, esaterako. Gizartean, elkarbizitza helburu izango duen "justizia eredu berri baten inguruko eztabaida" sustatzea ere lagungarria litzateke, Foroaren esanetan. Bestalde, gatazkaren "arrazoiak" aztertuko dituen Batzorde Historiko bat sortzea gomendatu du. Baita Egiaren Batzorde batek izan beharko lituzkeen oinarriei buruzko eztabaida sustatzea ere. Azkenik, hezkuntza sektoreko eragileak  "agente aktibo" bilakatzea proposatu du, egiarekin, justiziarekin eta berradiskidetzearekin lotutako ekinaldiak abiatzeko.

Gomendioak

"V. Foro Sozialak honakoa gomendatzen du, egia poliedrikoaren eta honen arrazoien eraikuntzan aurrera egite aldera:

1. Ahalik eta zabalena izango den sufrimenduaren kartografia baten osaketan sakondu, atentzio bereziarekin erreparatuz generoaren eta adinaren dimentsioei.

2. Jasandako sufrimendu guztien aitortza ofizial eta instituzionala sustatu.

3. Herri mailatik egia berreskuratzeko prozesuak sustatu, jadanik martxan diren dinamikak babestuz, eredu positiboak ezagutzera emanez edo herri mailako sufrimenduaren kartografien egikaritza saioak lagunduz. Modu berean, herri mailako ikerketa batzordeak edo sufrimendu anitzen ingurukoak martxan jartzea lagundu, gertatutakoa argitzen eta ikustarazteko. Horrez gain, entzute ariketak sustatu, gertukoak, pertsonen arteko topaguneak eraikitzea posible egingo dutenak eta, dagokion kasuetan, erreparaziorako mekanismo izatera heldu daitezkeenak.

4. Informazioa berreskuratzeko mekanismoak sustatu eta lagundu, adibidez, erakundeetako artxiboen zabaltzea, oraindik argitu gabeko kasuei dagokienez, elkarbizitza demokratikoa helburu duen dinamika baten baitan eta bermatzeko biktima guztiei dagokien egia jakiteko eskubidea.

5. Sustatu elkarbizitzaren eraikuntza helburu duen justizia eredu berri baten inguruko eztabaida politiko eta soziala.

6. Gatazka deritzon horren arrazoiak aztergai izango dituen Batzorde Historiko baten sorreraren alde egin, gure herrian elkarbizi diren ikuspegi eta sentsibilitate anitzak aintzat hartuta, helburu izango duena adostasun minimo bat erdiestea honen jatorriaren inguruan eta denboran izandako luzapenaren inguruan.

7. Dei egitea hezkuntza eremuko sektore sozial, pedadogiko eta sindikalei, agente aktibo bilaka daitezen, eta ez soilik planen eta proposamenen hartzaile. Hezkuntza mundutik partekatzea moduak, edukiak eta prozedurak, prozesu zabal eta multidisziplinarra abiatzeko egia, justizia eta berradiskidetzeri dagokionez.

8. Honekin guztiarekin, proposatzen dugu eztabaida soziala sustatzea, etorkizunean aukerazko Egiaren Batzorde baten oinarrien eraikuntzari ekiteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.