Lokarrik Nazioarteko Harreman Taldearen egiaztapen lana errazteko eskatu dio gaur Espainiako Gobernuari. "Isilean edo agerian, eskura dituen bitarteko guztiak" erabiltzeko eskatu dio horretarako, eta egoki deritzon komunikazio-bideak jorratzen hasteko. Lokarrik nabarmendu du ETAk agertu duela egiaztapena abiatzeko borondatea, eta Naziorteko Harreman Taldean esperientzia handiko bitartekarik daudela.
Bake Prozesuaren Behatoki Sozialaren Txostenean egin du eskaera Lokarrik. Su-etenaren atzeraezintasuna, legalizazioa eta berradiskidetze sozialaren inguruko hausnarketa egin du 1.104 lagunei egindako galdeketarekin, eta gizartea itxaropentsu dagoela nabarmendu du. Sorturen erregistroaren kontrako prozesua eta apirilaren 9an Frantzian izan zen tiroketa gertatu aurretik eginda dagoela argitu du Lokarrik.
2011ko neguan egin du txostena eta Lokarriren arabera, herritarren %90ak uste du orain dela urtebete baino aukera gehiago dagoela gaur egun bakea lortzeko, eta, "ziur aski", prozesuak itzulerarik ez duela iritzi dio herritarren gehiengoak. Itxaropenerako arrazoien artean hiru aipatzen ditu txostenak: Sortuk indarkeria errefusatu izana, ETAren su-etena eta nazioarteko bitartekarien presentzia.
Sorturen estatutuen edukia pauso historikotzat hartu dute herritarrek. "ETAk urte eta erdian zehar planifikatutako atentaturik egin ez izanak eta su-etenaren adierazpenak berak, nazioarteko komunitateak egiaztatzeko prestutasunarekin batera, indarkeriaren bukaera laster iritsi daitekeela pentsatzera eramaten dute, ETAk behin betiko amaiera adierazi ez izanak zalantzak sortzen jarraitzen dituen arren".
Oztopoak ere badaudela ikusten dute herritarrek, ordea. Batetik "Espainiako Gobernuak jartzen dituzen oztopoak. Bestetik, hauteskundeen gertutasunak sortzen duen norgehiagoka politikoa. Lokarriren iritziz, herritarrek beharrezkoa ikusten dute gizartearen pluraltasuna errespetatuko duten lankidetza eta elkarrizketarako guneak irekitzea.
Egiaztapena errazteko eskatzeaz gain, Lokarrik bere aldetik, Sortu legeztatzeak duen garrantzia azpimarratu du.