eaj

Egibarrek %75eko babesa jaso du EAJko Gipuzkoako presidentetzarako, eta Agirrek %51koa Arabakorako

Gipuzkoan batzarreko %23k txuriz bozkatu dute. Bizkaian Ortuzar eta Nafarroan Aierdi hautatu dituzte. Gaurko lurralde batzarren ostean, EAJk Jaurlaritzarako lehendakarigaia izendatzeko prozesuari ekingo dio.

2012ko martxoaren 24a
18:39
Entzun 00:00:0000:00:00

Joseba Egibar izango da datozen lau urteetan ere EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidentea, gaurko batzarrean erabaki dutenez. %75eko babesa jaso du. Bilerako %23k txuriz bozkatu dute eta botoen beste %2a baliogabea izan da. 1987tik da Egibar GBBko buru, 2000-2004 arteko etenarekin.

Harekin batera izango dira GBBko zuzendaritzan Maria Eugenia Arrizabalaga, Bakartxo Tejeria, Idoia Elorza, Jon Jauregi, Xabier Arruti, Idoia Ieregi, Lourdes Jauregiberri —horiek denak bazeuden lehen—, Jokin Bildarratz —Eudel EAEko udalen elkarteko presidente eta Tolosako alkate ohia—, Irune Berasaluze, Xabier Barandiaran, Iñaki Txueka, Jose Miguel Uribarren, Bittor Oroz eta Maite Peña. 

Araban Xabier Agirre ahaldun nagusi ohiak doi-doi eskuratu du ABBko lehendakaritza, %51,5eko babesa jaso baitu. 64 boto izan dira eta 33 jaso ditu hark. Iñaki Gerenabarrena orain arteko buruak, 26. Bost boto txuri izan dira. Harez gain, Monica Arbaiza, Beatriz Artolazabal, Maixabel Azpillaga, Natalia Elorza, Unai Grajales, Eugenio Jimenez, Izaskun Moyua, Borja Ormaetxea, Iñaki Prusilla, Ana Ruiz de Alegria, Jose Antonio Suso, Jon Uriarte eta Luis Zarrabeitia egongo dira zuzendaritzan.

Nafarroan Manu Aierdi aho batez aukeratu dute, Jose Angel Agirrebengoaren ordez. NBBko zuzendaritzan izango ditu Peio Aierdi, Andoni Albeniz, Miguel Ardanaz, Amaia Arrizabalaga, Xabier Comas, Jose Luis Etxegarai, Ventura Gonzalez, Unai Hualde, Carlos Martija eta Vicente Soravilla.

Bizkaian Andoni Ortuzar izango da berriro presidente —ez dago daturik, oraindik—. BBBko kide izango dira Ortuzar bera, Amaia Arregi, Luis Mari Arteach, Arantza Aurrekoetxea, Gotzon Bilbao, Eusebio Larrazabal, Gotzon Lobera, José Perez, Unai Rementeria, Idoia Sagastizabal, Xabier Sagredo, Itziar Sasiain eta Naiara Zamalloa.

Iparraldean Txaro Goikolea lehengo astean aukeratu zuten.

Orain, lehendakarigaia

Lurralde batzarrak eginda, EBB osorik berrituko duen prozesua amaituko da, eta EAJren organo gorenaren lehen egitekoa Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaia izendatzea izango da. Gutxienez, bi hilabete iraungo du prozesuak. 

Hainbat izen aipatu dira jadanik, eta EBBko lehendakari Iñigo Urkullu entzuten da ozenen. Alderdiko buruek, ordea, oraindik ez dute hauturik egin.

Salbuespena Gerenabarrena izan da, bere agurrean Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren aldeko apustua berretsi baitzuen, ABBko lehendakariaren ustez, hura delako EAJri hauteskunde emaitza onenak eman dizkiona eta "EAJk bazter utzi ezin duen aktiboa" delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.