EAJk osoko zuzenketa aurkeztuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2013rako aurrekontu proiektuari, Joseba Egibarren esanetan. Iazko aurrekontuen bozketan abstenitu egin zen alderdi jeltzalea, baina «geroztik gertatutakoak kontuan hartuta», aurten ez duela berdin jokatuko iragarri du Egibarrek Radio Euskadin. «Bilduren aurkako frontean ez sartzeko EAJren erabaki estrategikoaz baliatzea» egotzi dio Martin Garitano ahaldun nagusiari, eta gaineratu du instituzioak bere proiektu politikorako «mesedegarrizaizkionean soilik» erabiltzen dituela Bilduk.
GBBko buruak Batzar Nagusietan konfiantza mozio bat aurkezteko ere eskatu zion Garitanori joan den larunbatean, «Batzar Nagusien konfiantza duen ala ez» jakin beharko lukeela iritzita. Egitasmoek aurrera egiteko «adostasunak lortu» behar dituela gogoratu dio Bilduri, eta oraindik ere iraganeko «inposizio ohiturekin» dabilela egotzi dio.
«Jazarpen estrategia»
EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek Bilduren aurka «jazarpen eta eraispen estrategia» darabiltela salatu du Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek (Bildu). «Miramongo hirukoa» deitu duenak estrategia hori udaletara ere eraman duela ohartarazi du Izagirrek.
Bi gertakari aipatu ditu, esandakoa baieztatzeko: batetik, Donostiaren berreraikuntzaren 200. urteurrena antolatzeko batzordeko buru Miren Azkarate (EAJ) zinegotzia hautatu izana, «zentzuzkoena» kargu hori alkateak berak betetzea denean. Bestetik, Nora Galparsoro (Bildu), San Marko mankomunitatean udalak duen ordezkaria, hortik baztertzeko oposizioaren akordioa. Hilaren 26ko osoko bilkuran akordio hori gauzatzen bada, gobernu taldeaordezkaritzarik gabe geratuko litzateke.
Egibarrek dio Gipuzkoako aurrekontu proiektuaren aurka egingo duela EAJk
GBBko buruaren arabera, jeltzaleak ez dira Bilduren aurkako «zentsura mozio baten estrategian» sartuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu